Euskararen ibilbideko urratsak, ikasgai

Uztarria.eus 2014ko eka. 12a, 21:08
Anaut, Sanagustineko hitzaldian.

"Ezin da ulertu euskarak gaur duen egoera, historiari erreparatzen ez badiogu". Euskarari urteetan eginiko mina sendatu ezin den arren, hizkuntzaren izaera ulertzeko balio du. Horregatik, euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egin zuen atzo Dabid Anautek. Euskararen lehorteez eta loraldiez.

Euskara lotzen eta askatzen duten kateez mintzatu zen Dabid Anaut Euskararen Kate Hautsiak liburuaren egilea atzo, asteazkena, Sanagustin Kulturgunean. Liburua idazterakoan egin duen bezala, historiari begira jarri zen idazlea, eta hizkuntzak pairatutako zapalkuntza izan zuen hizpide. "Hizkuntzari ez, pertsonei gertatu zaie zapalkuntza", nabarmendu zuen Anautek. Izan ere, egileak argi du euskarari urteetan eginiko zapalkuntzak "izen-abizenak" dituela, euskarari ez ezik, euskaldunei kalte handia egin zaielako.

Euskararen kate hautsiak liburuak hizkuntzaren inguruko bi jarrera deskribatzen ditu. Batetik, euskararen zapalkuntza islatzen dute kateek, transmisioaren katea hautsi baitute hizkuntzari jarritako oztopoek. Bestalde, ordea, euskararen herriak hautsitako kateak ere badira horiek, herritarrek egindako lanarekin, askatasuna eta itxaropena eman baitiote hizkuntzari.

Hitzaldian zehar euskara isilarazteko erabilitako zenbait baliabide aipatu zituen Anautek. Besteak beste, eskolaren, hedabideen, ideologiaren, debekuen, zigorren edo administrazioaren erabileraz hitz egin zuen. Haren esanetan, botere guneek, estatuek, adibidez, aukera izan dute herritarrak erdalduntzeko eta erdarari ateak irekitzeko.

Hala ere, kaleko pertsonez eta herritarren jarreraz ere mintzatu zen idazlea. Anauten hitzetan, estatuen lanak lortu du "euskararen katea leku askotatik haustea", horregatik, euskaldunak "isildu" egin dira. Adibidetzat jarri zituen ospitalak: "Ospital batera joaten garen bakoitzean, norbaitek euskaraz egiten badigu, ia-ia besarkada ematen diogu. Euskaldunok garbi izan behar dugu hori gure eskubidea dela, eta ez luxua".

Euskara lotzen duten kateek hamaika helduleku dituzte, baina Anauten hitzetan, ezin da ulertu gaur egun euskarak duen egoera iraganean gertatutakoa kontuan izan gabe. Liburuaren egileak adierazi zuen, forma asko izan dituen arren, debekuak eta oztopoak beti hor egon direla eta hor jarraitzen dutela. Haren aburuz, hori da egoera ulertzeko "gakoa". "Ondorio zehatzak ekarri ditu historian gertatutakoak, ez frankismoak bakarrik; eta bide ona da oroimena berreskuratzea, etorkizunari itxaropenez begiratzeko".

Hain zuzen, etorkizunari begira, erreferentziazko liburua da Euskararen kate hautsiak. hizkuntza zapalkuntzaren memoria lana. Egilearen hitzetan, aurretik euskarari buruzko lanak egin diren arren, hori da orain arteko lehen monografikoa. Elkarlanak berebiziko garrantzia izan du Anautentzat: "Kolaborazioak eta adierazpenak jaso ditugu liburuan, herritarren ahotsik gabe ezin baita ulertu mamia".

Atzokoari begira, baina aurrera egiteko

Liburuak iraganeko gertaerak jaso dituen arren, ez dira ahaztu gaur egungo egoeraz. Euskararen kate hautsiak liburuan, kapitulu osoa eskaini diote XXI. mendean hizkuntzak duen testuinguruari. Hizlariak esan zuen "momenturik larrienetan" sortu dela defentsa gogorrena, lehen eta orain. Bestalde, XX. mendetik aurrera emandako urratsak nabarmendu zituen: Kulturgintzan, hedabideetan edo Hezkuntzan, besteak beste.

Azpeitiaren egoerari ere so egin zion Anautek: "Momentu kritikoetan euskalgintzak gora egiten duen bezala, leku kritikoetan gauza bera gertatzen da. Gaur egun, Azpeitian euskara ez dago arriskuan, eta herritarrak lasai daude. Hala ere, azpeitiarrek ere beraien bizitzaren zati bat erdaraz egin behar dute, ezin dute bizi euskaraz". Azalpen horrekin eskatu zien egileak entzuleei beraien eguneroko bizitzaren azterketa egiteko, zer hizkuntza erabiltzen duten pentsatzeko.