Mikel Rodriguez: "Azpeitiarrak ere gonbidatu nahi ditugu Garmendipera, hau festa bat izango baita"

Urola Kostako Hitza 2014ko eka. 13a, 11:40

Mikel Rodriguez (Azpeitia, 1985) "gogotsu" dago gaur arratsaldean hasiko den txapelketarako. Azpeitia Cup elkarteko lehendakaria izanik, urte mugitua izan du azpeitiarrak zalantzarik gabe, baina, lanak amaituta, hoberena iristear dagoela dakienaren lasaitasunarekin eta irrikarekin dago. Urola Kostako Hitza-k elkarrizketa egin dio Rodriguezi.

Gaur bertan hasiko da txapelketa, nola daude nerbio horiek?

Nerbioak egon badaude, baina, egia esan, egoera kontrolpean dago, azken ukitu batzuk kenduta dena egina dago, beraz, lasai gaude.

Antolaketa aurreikusi bezala joan al da?

Bai, dena hasieratik pentsatu bezala izango da, bai egunen aldetik, bai ordutegi, parte-hartzaile edo antolaketari dagokionez, ez da ezer aldatuko. Eguraldiak laguntzea bakarrik falta da dena ondo joateko.

Zein da zuen ustez txapelketa honen helburu nagusia?

Guk nahi duguna da, futbolaz gaindi mugitzen diren balore horiek azaleratzea. Adiskidetasun Txapelketa da hau, eta hori aldarrikatu nahi dugu. Dena ez da irabaztea, txikitatik hori esan nahi diegu futbolariei, galduta ere ez dela ezer gertatzen. Adibide bat jartzearren, duela urte batzuk gertatu zena azalduko dizut: Sevillak eta Espanyolek jokatu zuten finala, Espanyolekoak Sevillakoak baino urtebete gazteagoak ziren, baina hala ere izugarrizko partida jokatu zuten, helduagoei aurre egin zieten eta, azkenean, penaltietara iritsi ziren. Penaltietan Sevillak irabazi zuen, eta mutikoek, beraien ekimenez, euren saria Espanyolekoei ematea erabaki zuten, beraiek bezainbeste merezi zutela ikusi zutelako. Hain justu, horrelako baloreak dira guk erakutsi nahi ditugunak txapelketa honen bitartez.

Nesken txapelketa jokatu zen maiatzean, zer balorazio egiten duzue?

Beste munduko esperientzia bat izan da. Neuk hamar urte pasa daramatzat kirol munduan, duela bi urte arte mutilak entrenatzen ibili naiz eta azkenaldian baita neskak ere. Eta konturatu izan naiz neskena beste istorio bat dela, ez hobeagoa, ez txarragoa, desberdina. Harrigarria izan da niretzat hemen neskekin ikusi dudana, maila oso onaz gain, erakutsi dituzten balioak eta gurasoen jarrera bera, horrelako txapelketa batean parte hartzeko aukera eman izana nola eskertu duten. Azken finean, hori nabarmenduko nuke, berdintasun horretan, aukerak ematea, mutilei bezalaxe.

Baloreen kontuan, nabaritzen da desberdintasunik nesken edo mutilen txapelketan?

Berdintasunaren gaian lan asko dago egiteko oraindik ere. Mutilek ez dute galtzen beti jakiten, lehiakortasun gehiagorekin bizitzen dute kirola. Magisteritza ikasketak amaitzen ari naiz, eta iaz egin genuen ikerketa lan batek erakutsi zigun neskei, galdu ala irabazi, ondo pasatzea inporta zaiela gehien, eta mutilei, berriz, irabaztea. Hemen ere ikus daiteke hori, baina salbuespenak badaude; Sevilla-Espanyolenak kontrakoa erakusten du, eta beraz, txapelketa hau hori lantzeko beste modu bat da.

Jendetza gerturatuko da Azpeitira gaurtik igandera bitartean.

Hori espero dugu, bai. Duela egun gutxi arte deiak jasotzen ari ginen lo egiteko leku bila zebiltzan gurasoenak, eta hemen gertu tokirik topatzea ezinezkoa zen jada. Zumaia edo Zarautz aldean hartuko dute ostatu askok. Halcon Bidaiak, gure babesle ofizialak, izugarrizko lana egin du azken hilabeteetan hori guztia antolatzen eta guraso eta taldeei laguntzen. Horrez gain, azpeitiarrak eta ingurukoak ere animatu nahi ditugu Garmendipera gerturatu daitezen egunotan, hau festa bat izango baita.