Herri krosarekin eta Jubilatuen Egunarekin hasiko dira Urrestillako sanjoanak

Uztarria.eus 2014ko eka. 13a, 11:52
Jubilatuen bazkaria igandean izango da.

Bihar, zapatua, izango da herri krosa, 17:00etan hasita. Igandean, berriz, meza eta jubilatuen bazkaria izango dira sanjoanen baitan.

Hastear dira Urrestillako sanjoanak, eta festen baitan herri krosa izango da zapatuan, Urrestillako festa batzordeak antolatuta. Larunbatean, 17:00etan hasiko dira lasterketak, eta korrikalari txikienen txanda izango da aurrena. Gero, mailaz maila jarraituko dute, eta kadete, jubenil eta nagusien lasterketa 18:00etan hasiko da.

Maila guztietako lehenengo hiru sailkatuek garaikur bana jasoko dute, eta haur guztiei domina eta oroigarri bana emango zaie. Parte-hartzaile guztien artean, gainera, opariak zozkatuko dituzte.

Festa giroari eutsiz, lasterketa ostean, 19:30ean, Bentazaharreko Mutiko Alaiek emanaldia eskainiko dute Urrestillako kaleetan zehar.

Igandean, berriz, Jubilatuen Eguna ospatuko dute. 12:00etan meza nagusia izango da, eta 14:00etan, berriz, jubilatuen bazkaria.