Ikasturte amaierako jaialdia egingo dute herriko hainbat ikaslek

Uztarria.eus 2014ko eka. 13a, 12:05

Gaur, ostirala, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraikoek eta Urola Ikastolakoek egingo dute kiroldegian, 19:00etan. Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoek, aldiz, bihar, larunbata, egun osoan zehar ospatuko dute ikasturte amaiera ikastolan. 

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik, Urola Ikastolak eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrik ikasturte amaierako jaialdiak egingo dituzte astebukaera honetan.

Gaur, ostirala, Karmelo Etxegaraiko eta Urola Ikastolako irakasle eta ikasleek ikasturte amaierako jaialdia egingo dute. 49. edizioa izango da aurtengoa eta kiroldegian izango da 19:00etan hasita. Honako egitaraua prestatu dute, mailaz mail: ariketa fisikoak, urtaroekin dantzatuz, txapeloaz, elkarrekin eta danbor soinuak. Ondoren, batxilergoko ikasleei ohorezko matrikulak eta orlak banatuko dizkiete eta ikastolan 25 urte lanean egin dituztenei omenaldia egingo zaie. Bukatzeko, Urolaldeko Ikastola maite abestuko dute.

Bihar, larunbata, Ikasberri Ikastolakoen txanda izango da. Ikasturte amaierako jaia ospatuko dute 11:00etan hasita, eta egun osoan hainbat ekimen egingo dute ikastolan. Besteak beste, pregoia, jaialdia, orla banaketa, jolasak, lehiaketak, antzerki lanak, bazkaria, kirol partidak, haurrentzako puzgarriak eta Kupela taldearen emanaldia izango dira.