Herritarrak hasi dira botoa ematen

Uztarria.eus 2014ko eka. 13a, 14:25

Hasi dira 16 urtetik gorako herritarrak plaza eraberritzearen inguruko herri galdeketan boza ematen. Gaur, ostirala, 09:00etatik 20:00etara izango da horretarako aukera, eta bihar, zapatua, eta igandean ere eman ahal izango da botoa.

Udaletxeko areto nagusian sartu-irten ugari izan da eguerdi partean; bertan dago-eta hautes-mahaia. Udal ordezkariek azaldu dutenez, 675 bat lagunek eman dute botoa 17:00etarako, eta 12.071k dute horretarako aukera.

Erantzun beharreko galderak hiru dira: plaza oinezkotu bai ala ez; kioskoa mantendu, bai ala ez; eta, aukeran dauden hiru proiektuetatik zein duten gustukoen.

Asteburuan herrian egongo ez direnek asteartetik atzora arte izan zuten botoa emateko aukera.

Emaitzak galdeketa bukatzean, igande gauean, emango ditu Udalak. 20:00ak pasatxoan, hautesontziak ixtean, parte-hartze datuak jakinaraziko dituzte. Udalak boto zenbaketa 23:00etarako bukatzea aurreikusten du, eta igande gauean emaitzen berri emango dugu Uztarria.com-en. Horrez gain, Azpeitia.net webgunean eta sare sozialetan ere argitaratuko dituzte emaitzak.