Azpeitiko Udalak bat egin du Udalerri Euskaldunen Egunarekin

Uztarria.eus 2014ko eka. 13a, 19:25

Bihar ospatuko dute Udalerri Euskaldunen Eguna, lehen aldiz. Jaia Tolosan izango da, Eltzetik eta altzotik euskaraz gara lelopean.

Bihar, larunbata, ospatuko da Udalerri Euskaldunen Eguna, Tolosan, eta Azpeitiko Udalak bat egin du ekimenarekin. Lehen aldiz ospatuko da festa hori; izan ere, orain artean Uema eguna ospatzen zuen mankomunitateak. Eltzetik eta Altzotik eskaraz gara da jaiaren leloa, eta haren helburua da udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan duten garrantzia eta ardura nabarmentzea.

Honakoa da biharko egitaraua:

Goizean, Euskal Herriko produktuen azoka.
Egun osoan zehar, haurrentzako puzgarriak eta saskibaloi txapelketa.
11:30ean, Kalejira, Tolosako Musika Bandarekin, Erraldoiekin, Udaberri Dantza Taldearekin, Udalerri Euskaldunetako ordezkariekin eta herritarrekin.
12:30ean, Ekitaldia plaza zaharrean.
13:00ean, Tolosa Kantari, Udalerri Euskaldunetako Abesbatzek lagunduta.
14:30ean, Bazkari herrikoia Alondegian.
18:00etan, Irrien Lagunak, Ane eta piratak, Alondegian.
Iluntzean, kontzertuak Ibarran (Gazte Festak): Emon, Laket eta Kometa.

Bazkari herrikoira joateko, aurrez eman behar da izena. Horretarako, 94 627 91 95 telefono zenbakira deitu edo administrazioa@uema.org helbidera idatzi daiteke. Helduek hemezortzi euro ordaindu beharko dituzte; haurrek, berriz, hamar.

Azpeitia Uemako kide da; eta, hain zuzen, 2008an ospatu zen Uema eguna udalerrian.