EAJk begi onez ikusi du alkateak Madalenako ospitalea irekitzearen alde eginiko urratsa

Uztarria.eus 2014ko eka. 13a, 19:50

Talde politikoak ospitalearen aldeko "apostu tinkoa" egiteko eskatu zion Udalari, eta positiboki baloratu du alkateak aste honetan Loiolako Santutegiko arduradunekin izandako bilera. EAJren aburuz, "lehen urratsa" da hori.

EAJk balorazio ona egin du Madalenako ospitalea dela-eta Eneko Etxeberria alkateak jarrera aldatu izanaz. Talde politikoaren hitzetan, alkateak iritziz aldatu du, eta EAJk maiatzaren 28an aurkeztutako proposamena, Madalenako ospitalea ekarpen-puntu bihurtzearena, "bere gain" hartu du. Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramaileak esan du "lehen urratsa" dela Etxeberriak aste honetan Loiolako Santutegian izandako bilera, eta "bide onean" doazela.

Bestalde, nabarmendu du "lehenbailen" bilera egin behar dela Ogasuneko, Merkataritzako, Turismoko eta Industriako batzordeekin, EAJk eskatu bezala, gaia landu dezaten. Honela azaldu du Gorrotxategik: "Kemen osoz, tinkotasunez eta ikuspegi orokor batetik heldu behar diegu Azpeitiak dituen elementu historiko, kultural eta monumental guztiak balioan jartzearen gaiari".

Azalpen horiek asteazkenean eman zituen bozeramaileak 'Gobernu Ona'-ren inguruan EAJk eginiko jardunaldian. Han izan ziren, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria eta imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko Partaidetzarako zuzendari ohia.