Bigarren proiektuan oinarritutako plaza berritua oinezkoa izango da eta kioskoa edukiko du

Uztarria.eus 2014ko eka. 16a, 16:15
Alkatea azalpenak ematen, gaur.

Asteburuan egin den herri galdeketaren behin betiko datuak eman ditu gaur, astelehena, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak. Atzo, igandea, emandako datuak berretsi ditu Etxeberriak eta, beraz, plaza berritua Irudika estudioak egindako bigarren proiektuan oinarritutakoa izango da, oinezkotu egingo dute eta kioskoa izango du.

Datozen asteetan eratuko dute jarraipen batzordea, herritarrek aukeratutako proiektuaren alde teknikoak-eta lantzeko, eta Etxeberriak azaldu duenez, "nahi duten herritar guztiek hartu ahal izango dute parte batzordean". Gainera, Udalak bere egingo ditu emaitzak, galdeketa baino lehenago ere jakinarazi baitzuen loteslea egingo zutela herri galdeketa.

Etxeberriak "zorionak" eman dizkie azpeitiar guztiei, galdeketa "oso ondo" joan delako eta parte-hartze "handia" izan delako. "Galdeketak iritzi desberdinak plazaratu ditu, eta eztabaidak modu naturalean sortu ere bai", azaldu du.

Galdeketa "hobetu" daitekeela esan du: "Antolaketa ez zen erraza, eta etorkizunerako baditugu hobetzeko gauzak. Prozesua bazegoen hobeto egitea, eta etorkizunean edukiko dugu hobeto egiteko aukera".

Pasa den urteko ekainean onartu zuen Udalak herritarren parte-hartzerako araudia, Bilduren aldeko botoekin eta EAJ eta Haimaikabaten abstentzioarekin.

Galdeketako emaitzak

Plaza nola eraberritu aukeratzeko egin den herri galdeketan, 16 urtetik gorako 12.099 herritarrek izan dute boza emateko aukera. Horietatik 3.573 azpeitiar joan dira hauteslekura, beraien iritzia ematera. Beraz, parte-hartzea %29,53koa izan da. 

2.360 pertsonek erabaki dute plaza oinezkoa izatea nahi dutela, hau da, bozkatu duten herritarren %66k. Plaza oinezkotzearen aurkako botoak, berriz, 1.042 izan dira, eta 171 boto zuri zenbatu dituzte. Hori dela eta, plaza oinezkoa izango da lanak amaitu ondoren.

Horrez gain, azpeitiarrek plaza berrian kioskoa nahi dutela erabaki dute. Boza eman dutenen %59,67k egin du kioskoa ipintzearen alde, hots, 2.132 pertsonek. 1.301 herritarrek kioskoa kentzearen alde egin dute, eta 140k zurian bozkatu dute.

Proiektu irabazleak 1.545 (%43,24) boto jaso ditu, baina 1.544 boz jaso ditu bigarren gelditu denak, lehen proiektuak, Bi RG estudiokoak. Hirugarren proiektuak, Landatek estudioak eginak, berriz, 417 boz jaso ditu. Horiez gain, 66 boto zuri zenbatu dituzte, eta bat baliogabea. Baliogabetzat jo zen aukeran zeuden hiru proiektuetako bi hautatu zituelako.