Orbegozo anaiek mailari eutsiko diote, baina taldez aldatuko dira datorren denboraldian

Uztarria.eus 2014ko eka. 16a, 19:00
Orbegozo anaiak.

2. B mailan jokatzen jarraituko dute Jon eta Mikel Orbegozok. Amorebieta taldera joango da Jon; eta Getafe B-ra, berriz, Mikel.

Jon Orbegozo eta Mikel Orbegozo anaiek 2. B mailan jokatzen jarraituko dute 2014-2015 denboraldian. Hala ere, bi aurrelariek aldatuko dute taldez: Jon Orbegozo Barakaldo taldetik Amorebietara joango da. Mikel Orbegozok, berriz, Amorebietan jokatu du aurten, eta Getafe B Madrileko taldean jokatuko du datorren denboraldian.

Bi urteko hitzarmena sinatu zuen Jon Orbegozok Amorebietarekin, maiatza amaieran. Mikel Orbegozo, berriz, urtebetez egongo da, oraingoz, Getafe B taldean. Anaia gazteenak joan den astean sinatu zuen kontratua.

Horrenbestez, bi anaiak aurki hasiko dira aurredenboraldiarekin. Izan ere, Jon, anaia zaharra, uztarilaren 17an hasiko da martxan Amorebietarekin; eta Mikel, anaia gaztea, berriz, uztailaren 9an. Hori dela eta, Mikel Orbegozok Madrilera joan beharko du bizitzera, hango taldean entrenatu eta joka dezan.

Urrun, baina lotuta

Jon Orbegozok azaldu duenez, anaia "urrun" izaten duen bigarren aldia da hau, duela urte batzuk Tarragonako talde batean jokatzen ibili baitzen Mikel. Hala ere, orbegozotarrek egunero hitz egiten dute telefonoz, eta uste dute egoerari erraz egingo diotela aurre. "Futbola ez da Euskal Herrira soilik mugatzen, eta kirol honekin jarraitu nahi badugu, badakigu kanpora irtetea suertatuko zaigula", esan du Jon Orbegozok.

Bestalde, ez dago zehaztua bi anaiek multzo berean jokatuko ote duten, hau da, oraindik ez dakite partiduak izango dituzten elkarren aurka. 2. B mailan lau multzotan banatzen dituzte taldeak, eta orain artean, Madrileko taldeek, Getafe B-k barne, Euskal Herrikoekin jokatu dute, estatuaren iparraldeko taldeekin bat egiten zutelako. Jokalariek, ordea, oraindik ez dakite joan den urteko multzo berak mantenduko dituzten.