Xoxotera eta Iruñera irteerak antolatu ditu Baigerak

Uztarria.eus 2014ko eka. 18a, 18:21

Ekainaren 28an izango da Xoxoteko txangoa; eta uztailaren 9an, sanferminetan, berriz, Iruñera egingo den irteera. Mendi-ibilaldirako izena eman daiteke jada Baigerako bulegoan, 10:30etik 12:30era. Sanferminetara joateko, astelehenean hasiko da izen-emate epea.

Baigera jubilatuen elkarteak bi irteera antolatu ditu datozen asteetarako. Ekainaren 28an, larunbatean, Xoxotera ibilaldia egingo dute, goizez. Uztailaren 9an, San Fermin asteko asteazkenean, berriz, Iruñera (Nafarroa) bidaiatuko dute izena ematen dutenek.

Bi txangoetara joateko izen-ematea irekita dago jada. Ekintzetan parte hartu nahi dutenek Baigerako bulegora joan beharko dute, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 12:30era. Xoxoteko txangoan izena emateko aukera dute jada jubilatuek; Iruñera joateko, astelehenean, hilak 23, hasiko dira izenak hartzen.

Mendi-irteerari dagokionez, honakoa da egitaraua: 10:30ean plazatik irtengo dira jubilatuak, mezara joango dira 11:30erako; eta, ondoren, Xoxoteko aterpean egingo dute hamaiketakoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, guztientzat egongo dira autoak. Txangoak lau euroko prezioa du, eta bertan behera utziko dute, eguraldi txarra eginez gero.

Bestalde, sanferminetara joateko, 8:30ean bilduko dira jubilatuak San Martin egoitza aurrean, uztailaren 9an. Egun osoko irteera izango da, eta 33 euro ordaindu beharko dira. Autobus bat bermatuta dagoen arren, bigarrena izena ematen duten pertsonen arabera jarriko dute. Gutxieneko kopurua osatzen ez bada, autobus bakarra joango da Nafarroako hiriburura.