Jose Inazio Artola: "Haiek hona begira bizi dira"

Uztarria.eus 2014ko eka. 19a, 12:59

Badira 30 urte Maria Angeles Artola Venezuelan bizi dela. Hara bidali zuten, senarrarekin, baina hemengoak izaten jarraitzen dute haiek. Jose Inazio Artola (Azpeitia, 1963) anaiak azaldu du herritarren argazkiak ikustea maite duela Maria Angelesek: gazteak ezagutzea eta helduez oroitzea. Artolaren omenez antolatu dituzte bi ekitaldi gaurko eta biharko. 

Gaur, osteguna, hitzaldia emango dute deportatuen egoerari eta bizipenei buruz, 19:00etan, Baigeran. Besteak beste, Joxe Domingo deportatu ohia eta Begoña Uzkudun iheslari ohia izango dira hizlariak. Biharko, berriz, argazki-luntxa prestatu dute erbesteratuari horrenbeste gustatzen zaizkion irudietako bat oparitzeko. Antolatzaileek eta senideek herritar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldietara.

30 urte daramatza Maria Angelesek Venezuelan. Nola oroitzen duzue erbesteratzea?

1979an joan zen hemendik. Iparraldera ihes egin zuen, eta han atxilotu zituzten: bera, senarra eta lagun batzuk. Orduan, Paris alboko herri batera eraman zituzten. Hegazkinean sartu zituzten, eta nora zihoazen jakin gabe, Venezuelara eraman zituzten.

Nola komunikatzen zarete harekin?

Telefonoz hitz egin ohi dugu, berak deitzen duenean. Senarra han bizi da, Maria Angelesekin, eta hari estradizioa eskatzen diotenez, ezin du nahi duenean agertu. Azkenean, arreba ere erdi ezkutatuta dago han. Bestalde, tartean behin joaten gara hara. Batzuetan, ordea, zaila da haiek bisitatzea, beraiek egoera txarrean badaude; gainera, horretarako, denbora eta dirua behar da. Gauzak ez dira errazak.

Familia asko aldatu da hura joan zenetik?

Bai, han daudenetik ama eta aita hil dira, eta ilobak jaio dira. Aita hil zen urtean amarekin joan ginen arreba ikustera. Hura izan zen Maria Angelesek gure ama ikusi zuen azken aldia. Ilobetatik, berriz, bat falta zaio ezagutzeko, gainontzekoak izan dira Venezuelan. Umeekin harreman ona du, gutunak idaztea gogoko du, eta asko gustatzen zaio hemengo informazioa jasotzea ere. Baina distantzia handia dago, eta guztia motz gelditzen da.

Bueltatzeko gogoa du Maria Angelesek?

Jakina, haiek hona begira bizi dira. Bikotea soilik bizi da han, ez dute beste inor, ezta hara lotzen dituen ezer. Hemengoak dira, hemengo kontuez asko arduratzen dira.

Babesa jaso duzue herritarrengandik?

Bai, beti oroitu dira gutaz. Uste dut Azpeitian zorte handia dugula. Izan ere, presoen aldeko mugimenduak ere beti arduratzen dira erbesteratuez. Inoiz ez gara aparte sentitu.

Gaur egun, egoera politikoa itxaropentsua da?

Orain baino itxaropen gehiago eduki izan dugu beste garai batzuetan. ETAk su-etena iragarri zuenean, bazirudien guztia azkarrago joango zela, baina oso motel doa prozesua. Parot doktrinaren sententzia ere ilusioz hartu genuen, baina momentu honetan itxaropenarekin justu samar gabiltza.

Iheslari batzuk hasi dira bueltatzen, deportatuen kasuan zein da egoera?

Kasuak eta kasuak daude, batzuk hasi dira bueltatzen. Gure senideak, oraingoz, ez dira itzuliko. Pentsatzen dut, gainera, zigor handiak dituztenak ez direla bueltatuko; ez, behintzat, orain dagoen egoerarekin.