Ekitaldi berezia izango da gaur San Joan suaren bueltan, plazan

Uztarria.eus 2014ko eka. 23a, 13:07
Iazko San Joan bezperako ekitaldiko une bat.

22:00etan hasiko da ekitaldia, eta Udalak eta Azpeitiko hainbat eragilek eta taldek elkarlanean antolatu dute. Mari Jose Bikendi Juan Antxieta musika eskolako zuzendariak azaldu duenez, "suak Euskal Herriko zazpi probintzietatik egingo du ibilbidea, Zuberoatik Gipuzkoara".

Gaur, San Joan bezpera, ohikoa den bezala, hainbat su piztuko da Azpeitian eta inguruetan. Horietako bat plazan piztuko dute eta ekimen berezi bat egingo da suaren bueltan. Udalak eta hainbat eragilek eta taldek elkarlanean antolatu dute ekitaldia.

22:00etan hasiko da ekitaldia, eta Juan Antxieta musika eskolak, Julian Barrenetxea abesbatzak, Emakumeen Antzerki tailerrak, Gazteen Antzerki tailerrak, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak, Azpeitiko Dantza Solte Eskolak, Dantzaki taldeak, Itsasiko ttuntturroek, Udal Musika Bandak eta Olatz Prat abeslariak hartuko dute parte. "Musikak, bertsoak, dantzak tradizionalak eta aretokoak, antzerkia... denetik izango dugu. Ekimen oso polita izango da eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu", esan du Mari Jose Bikendi Juan Antxieta musika eskolako zuzendariak.

Gaurko egitasmoa otsailean Zuberoako kulturarekin egindako elkartruketik sortutako ideia da. Orduan, Mixel Etxekopar Zuberoako Hebentik kultur elkarteko arduradunak esan zuen, beraien ohituretan oinarrituta, mendiz mendi sua Zuberoatik Azpeitiraino ekartzea gustatuko litzaiokela. Bikendik esan duenez, "horren baitan antolatutako ekimena da gaurkoa eta suak Euskal Herriko zazpi probintzietatik egingo du ibilbidea, Zuberoatik Gipuzkoara".