Soreasu kontuan hartzeko eskatu dio EAJk Bilduri

Uztarria.eus 2014ko eka. 24a, 20:12

Aitor Gorrotxategi bozeramaileak salatu du azpiegitura eraikitzerakoan guztien babesa izan zuela EAJren gobernuak; baina, hiru urteotan, Bilduren gobernuak "bazterrean" utzi duela Soreasu.

Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramaileak Soreasu kontuan hartzeko eskatu dio Bilduri. Izan ere, Gorrotxategiren  hitzetan, EAJk proiektua aurkeztu zuenean, guztiak zeuden hura egitearen alde; baina, ondoren, Bilduk "baztertu" egin du azpiegitura azken hiru urteetan. Horregatik, Gorrotxategik eskatu du herrian kulturaren arloan lanean ari direnen "erreferentzia gune" izan dadin Soreasu.

Bestalde, bozeramaileak azaldu du 2011n, 2012an eta 2013an EAJk eraikina prestatzeko eta kultur taldeen beharretara egokitzeko dirua "behin eta berriro" eskatu duen arren, "ezetza" jaso duela urtero. Aurten, ordea, 150.000 euro bideratuko dira eraikin hori hobetzera, eta aukera probestu nahi du EAJk.

Horrez gain, Gorrotxategik adierazi du azken urteetan "lan faraonikoa" bezala kalifikatu duela Bilduk Soreasu, eta Sanagustin kulturgunearen alde soilik egin duela lan. Ildo horretatik, honakoa esan du EAJko bozeramaileak bi azpiegiturei buruz: "Soreasu eta Sanagustin erabat osagarriak dira, eta erreferentzia-puntu izan behar dute kultur-mugimenduak berrindartzeko".

Beraz, Gorrotxategik babes osoa eman dio aurrekontu horretako dirua Soreasuren moldaketan erabiltzeari. Hark uste du Soreasuren ezaugarriak aprobetxatzeko "lehen urratsa" dela hori. "Har daitezen beharrezkoak diren erabakiak diru hori erabili ahal izateko, urtea amaitu baino lehen, bai Udal Musika Bandak, baita abesbatzak ere bere lekua izan dezaten Soresun", esan du.

Bozeramailearen aburuz, Udalak "ahalegin guztia" egin behar du Soreasuko ekipamendua osatzeko. Horrela, Soreasuren eta Sagustinen artean kontzertuak, erakusketak eta bestelako ekitaldiak "bultzatzeko" eta "hirigune historikoa berrindartzeko".