Jon Oiarzabalek zortzigarren bukatu du Quebrantahuesos bizikleta martxan

Uztarria.eus 2014ko eka. 25a, 13:40

Larunbatean jokatu zen lasterketa, Sabiñanigon (Huesca, Espainia). 5:55:29 denbora behar izan zuen Oiarzabalek, lehen sailkatuak baino hiru minutu eta 26 segundo gehiago. 

Jon Oiarzabal Pitti zortzigarren postuan helmugaratu zen larunbatean, ekainaren 20an, jokatutako Quebrantauesos bizikletako lasterketan. Azpeitiarrak 5:55:29 denbora behar izan zuen 198 kilometroko ibilbidea eta 3.500 metroko malda dituen zirkuitua amaitzeko. Lehen sailkatuak, Rafael Perezek, hiru minutu eta 26 segundoko aldera atera zion Oiarzabali. Sailkapena ikusgai, hemen.

Txirrindularia "oso gustura" dago larunbatean eginiko lanarekin. Izan ere, hasieran, ez zen bere asmoa sailkapeneko lehen postuetan sartzea: "Lagun batekin joan behar nuen, lasai, ibilbidea egitera. Azkenean, ordea, lagunak ezin izan zuen joan probara, eta azken unean, lasterketa guztia emanda egitea pentsatu nuen". Behin baino gehiagotan izan da Pitti Sabiñanigoko proban, sei edo zazpi aldiz, hain zuzen. Hala ere, ibilbideko zenbait zati lehen aldian bezain gogorrak dira berarentzat: "Portaleteko mendatea, azkena, oso gogorra iruditu zitzaidan. Gainera, haizea ere kontra nuen, eta zaila izan zen azken ordua".

Lehiaketetan jarraitzeko asmoarekin

Bestalde, Oiarzabalek azaldu du entrenamendu "onak" egin dituela azken boladan. Beraz, "sasoi onean" iritsi zen azpeitiarra larunbateko probara. Hankek uzten badiote, Abraham Olanoren martxan izango da Pitti datorren larunbatean, Tolosan. Ondoren, Dolomitetako proba lehiatuko du, bi aste barru.