Energiaren inguruko jardunaldiak gaur hasiko dira

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2014ko eka. 25a, 11:55

Energiaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte Azpeitian datozen bi asteetarako. Herriko lau eragile aritu dira antolaketan: Sanagustin kulturgunea, Piztu lantaldea, Elkar-ekin taldea eta Azpeitiko Gaztetxea. Herritar baten eskaeratik abiatu, eta helburu berak elkartu ditu lau eragileak, energiaren inguruko hausnarketa eta sentsibilizazioa bultzatzea.

Gaur, asteazkena, GoiEner kooperatibako kideak energia berriztagarrien sustapenaz ariko dira Sanagustin kulturgunean, 19:00etatik aurrera. Espainiako estatuak ezarrita dituen legeez eta eredu energetiko berri baterako bideez mintzatuko dira. Hemen, Argia-k GoiEner kooperatibako zuzendari Santi Ochoa de Eriberi egin dion elkarrizketa.

Datorren asteazkenean, uztailaren 2an, berriz, fracking-aren inguruko hitzaldia emango dute, 19:00etan hasita, Gaztetxean. Fracking Ez Urola taldeak aurkezpena egin ostean, Azpeitiko Gaztetxeak gonbidatutako Fracking Ez Araba taldeko kideak haustura hidrauliko bidez lur azpiko gasa ateratzeko sistemaren inguruan ariko dira hizketan. "Teknika honek ingurumenari egiten dion kalte neurrigabea ikusita, gai hau herriratzea erabaki dugu", azaldu dute antolatzaileek. Eguzki talde ekologistak berriki salatu duen moduan, eskualdean Azpeitia, Azkoitia, Zestoa eta Aia fracking-aren mehatxupean daude, herri horien lurretan, Gipuzkoako beste eremu askotan bezala, azterketak eta probak egiteko baimenak eskatuak baitaude.

Burujabetza energetikoa xede

Energiaren inguruko egitasmoetan murgilduta daude jardunaldi hauetako eragileak. Elkar-ekin taldeak bazuen lan lerro honi heltzeko asmoa eta nahia, eta Piztu lantaldean topatu du horretarako baliabide eta ezagutza teknikoa. Izan ere, Piztu lantaldea eskualde mailako izaera duen talde irekia da, energia burujabetzaren inguruko lanketa egiteko eratua. Piztuko kide Enok Sudupek azaldu duenez, hiru lan lerro ditu taldeak: eredu energetiko baten bila kontsumoa murriztea, eskualdeko energia sorkuntza potentziala aztertzea eta herritarren sentsibilizazioa. "Herritarrekin lan egin eta, perfil teknikoa ere badugunez, zubi lana egin nahi dugu herritarren eta adituen artean", esan du Sudupek.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu parte-hartzaileetan aukeratutako proiektuetako bat da eskualdeko burujabetza energetikoa lantzea xede duena, eta horretan dihardute lanean bi talde horiek.

‘Fracking’-aren aurkako sinadura bilketa

Fracking ez! plataformak sinadura bilketa ibiltaria antolatu du ekainaren 30etik uztailaren 6ra. Gipuzkoa bizikletaz zeharkatuko dute, zazpi etapetan antolatutako ibilbidea eginez. Fracking-aren inguruko informazioa zabaltzea eta teknika hori debekatu nahi duen herri ekimen legegilearen aldeko sinadurak biltzea izango da helburua.

Uztailaren 2ko etapa Azpeitiraino iritsiko da eta, beraz, Gaztetxean izango dira sinadurak biltzen. Egun horretan, Azkoititik pasako da bizikleta karabana. Uztailaren 4an itzuliko dira ibiltariak eskualdera, Donostiatik itzulia egin ostean, Zarautzen eta Zumaian izango baitira egun horretan. Ekimen honen eta Frackingaren aurkako plataformen inguruko informazio gehiago lortzeko bisitatu frackingez.org webgunea.