Corrugados Azpeitian "mugimendu arraroak" ikusten ari direla salatu dute LABeko ordezkariek

Uztarria.eus 2014ko eka. 27a, 12:27
Txatarra kargatzeko makina bat kamioi gondola batek eraman dezan zain, ekainaren 24an. (Corrugados Azpeitiako LABeko ordezkariak)

LAB sindikatuko langileen ordezkariek salaketa jarri dute Lan Ikuskaritzan, eta azaldu dutenez, ez dute "etsiko" Gallardo Taldeak "jokamolde bidegabeari" aurre egiterakoan.

Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeko LABeko ordezkariek salatu dute Gallardoren "joko zikinak" ez duela etenik, eta "enpresaren balizko desmantelazioa" egiten ari denaren "zantzuak" dituztela. Ildo beretik esan dute, "mugimendu arraroak" ikusten ari direla eta sekula ez zaiela "ganorazko informaziorik" eman. 

"Biltegia husten eta hainbat motatako ibilgailuak ateratzen ari dira gure enpresatik. Dakigun apurraren arabera, bi Volvo (Lagarto), eskabadora bat, txatarra garraiatzeko bi maika, kamioi zisterna bat eta garabi bat atera dituzte lantokitik dagoeneko, eta entzundakoaren arabera saltzeko, gainera!", azaldu dute. Gallardo hori guztia "inongo kezkarik gabe eta modu zilegi eta arbitrarioan" egiten ari dela salatu dute LABeko ordezkariek, eta Gallardok langileekin "zorrak" dituela ere esan dute.

Pasa den martxoan Espainiako Auzitegi Nazionalak Alfonso Gallardo Taldearen aldeko epaia eman zuen Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileei ezarritako Lana Erregulatzeko Txostenaren inguruan. Corrugadoseko langileek errekurtsoa aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean, eta epaia ebatzi zain daude egun. LABeko ordezkariek esan dutenez, "auzia ebatzi bitartean tresneria lantegitik ezin dela atera uste dugu. LETaren gaineko epaia langileon aldekoa izango balitz, lantokiak lanean hasteko moduan egon behar duela dio legeak, eta gauzak nola mugitzen ari diren ikusita, Gallardo ez dela legea betetzen ari deritzogu!".