Hodei Mendinueta eta Mikel Azkue: "Sentsibilitate eta ideologia ezberdinetako herritarrok bilduko gaituen sare zabal bat eratzeko sortu da Sare"

Uztarria.eus 2014ko uzt. 2a, 16:00
Hodei Mendinueta eta Mikel Azkue Sare topaketen antolatzaileak.

Abian da Sare, euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen defentsan lan egiteko sortu den herri mugimendua. Martxoaren 15ean, eremu ezberdinetako hainbat euskal herritarrek gutxieneko puntu batzuk adostu eta Giza Eskubideen Aldeko Adierazpena aurkeztu zuten Donostiako San Telmo museoan. Azpeitian ere sortzear da Sare lan-taldea, eta zapatuan, uztailaren 5ean, egingo dute lehen juntadizoa, ordurako antolatu dituzten topaketetan. Baigeran elkartuko dira, 11:00etan, eta topaketen antolatzaileetako birekin, Hodei Mendinueta eta Mikel Azkuerekin, hitz egin du Uztarria.com-ek.

Presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko mugimendua da Sare.

Gatazkaren konponbidearen bidean, kolektibo horien oinarrizko eskubideak gogor kolpatuak dira. Estatuek egitura bezala herritarren eskubideak bermatzeko beharra dute, Konstituzioaren eta Nazio Batuen Erakundearen giza eskubideen adierazpenaren arabera. Preso, iheslari eta deportatuek pairatzen dituzten salbuespen egoerak onartezinak eta bidegabeak dira, mendeku politiken ondorio zuzenak, eta gatazkaren konponbidean baino gatazkaren iraupenean dute oinarria. Giza ikuspuntutik, pertsona ororen eskubideak bermatzeko aldarria ezinbestekoa da.

Zein helbururekin sortu da?

Kolektibo horien giza eskubideak defendatzeko, gatazkaren konponbidea eta bakearen eraikuntza gutxiengo bezala hartuta, sentsibilitate eta ideologia ezberdinetako herritarrok bilduko gaituen sare zabal bat eratzeko tresna eta espazioak sustatu nahi dira Sareren bidez. Kontzeptu horien inguruan herritarrok ditugun ikuspuntu eta ekarpenak elkartrukatzeko eremuak sortu eta herrian zabaltzeko egin nahi da lan, elkarbizitzarako guztion ikuskerak eta jokaerak ulertzea, eta adierazpen mota guztiak onartzea ezinbestekoa baita.

Modu horretan indarrak metatu nahi dira presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzeko helburu nagusia iparrorratz harturik. Izan ere, preso sakabanatuek etxetik gertuen dagoen espetxean egoteko eskubidea dute, gaixo larriek kalean egotekoa eta iheslari eta deportatuek etxera itzultzekoa. Hori horrela ez den bitartean izango du zentzua Sarek.

Zeintzuk dira Sareren epe labur, ertain zein luzerako helburuak?

Epe laburrerako xedea aurrez azaldu dugun harreman sarea eraikitzea da, eta bide horretan sakabanaketarekin eta gaixo larrien egoerarekin amaitzeko egingo da lan. Epe ertainera begira, berriz, giza eskubideen defentsaren eta konponbidearen eta bakearen eraikuntzaren aldarria kalean egunerokoan presente izan dadin lortu nahi dugu. Epe luzerako helburua da herritarren elkarlanari esker blokeo egoera gainditzea eta presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzea.

Finean, helburu guztiak transbertsalak dira; batek bestea elikatzen du, eta egunerokoan guztiak lortzeko asmoz egingo da lana.

Herriz herri lan-taldeak sortzen ari dira. Azpeitian zapatuan egingo diren topaketetan jarriko du lehen harria Sarek.

Topaketak sarea ehuntzen hasteko abiapuntua besterik ez dira. Bertan Sareren aurkezpenean azaldutako edukiak landuko dira, eta galdetegi bat egingo da herriko egoera nola ikusten den, herritar sare bezala zer ulertzen den eta konpromisoa nola ulertzen den galdetuz. Galdetegia anonimoa izango da, beraz, bakoitzak bere ikuspuntua inongo beldurrik gabe azaldu ahalko du. Zenbat eta jende gehiago bertaratu, ikuspuntu anitzagoak lortu ahal izango ditugu sarea nola ehundu daitekeen ulertzeko. Azken batean, gu ez gara Sare. Sare nolakoa izatea nahi dugun eta gutxiengo edukiak nola landuko diren eztabaidatu nahi da. Gu sortze prozesua jarraitu dugun herritar talde bat besterik ez gara.

Azpeitiko preso, iheslari eta deportatuen egoerari dagokionez, zeintzuk dira lehentasunak?

Herri bakoitzeko egoera ezberdina da. Gurean sakabanaketa da presoen arazo nagusia, eta etxera itzuli ezina iheslari eta deportatuen kasuan. Indarrak presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzean metatzea da une honetan gure herriko errealitateak eskatzen duena.

Gutxieneko batzuk abiapuntu hartuta babesa agertu diote hainbat lagunek Sareri. Nola baloratzen duzue hori?

Urte luzeetako gatazka politikoak ideologia eta pentsakera desberdinetako pertsona askoren giza eskubideak bortxatzea eragin du. Baina argi ikusi da eremu berean bizi den jende multzo batek irizpide eta pentsakera ezberdinak izateak, gustoko izan ala ez, errespetua merezi duela. Norbere hautuak egiteko aske izatea pertsona guztiok merezi dugu, pertsona garen neurrian, giza eskubideen bermea guztiok merezi dugun bezalaxe. Elkarbizitzarako gutxiengo eduki batzuekiko adostasuna ezinbestekoa da, gizarte eredua norbanakoen onarpenetik eta inplikaziotik sortzen baita. Sarek bultzatzen dituen gutxiengoak, ikuspegi humanista horretatik eginak direnez, beharrezkoak iruditzen zaizkigu, eta baita gutxiengo horien inguruko eztabaidak kalean egotea ere.