Errepublikaren garaiko azken Udal Gobernua oroitzeko plaka jarriko dute

Uztarria.eus 2014ko uzt. 2a, 20:53

Tropa frankistak herrira sartu zirenean, 1936ko irailaren 20an, Azpeitian zegoen Udal Gobernu errepublikarraren "oroimena eta duintasuna" aldarrikatzeko jarriko du Udalak oroigarria.

Oroimen historikoari begira, 1936ko irailaren 20an Azpeitian zegoen Udal Gobernu legitimoaren aldeko plaka jarriko du Udalak. Udaletxean jarriko dute oroigarria, irailaren 20an. Izan ere, egun horretan sartu ziren tropa frankistak herrira; horregatik, agintari errepublikarren "duintasuna eta oroimena" aldarrikatzea da plakaren helburua. Honakoa dio oroigarriak:

"Errepublika garaiko azken korporazio demokratikoari; herriaren askatasunaren, errepublikaren eta demokraziaren alde zeuden Jose Antonio Oiarzabal Oiarzabal eta Ciriaco Agirre Zinkunegi alkateei, Antonino Olaizola Etxeberria, Jose Maria Aramendi Estala, Jose Manuel Agirre Etxeberria, Luis Goenaga Odriozola, Demetrio Egiguren Barrutia, Francisco Arregi Etxaniz, Miguel Irureta Peñagarikano, Jose Maria Sorozabal Zulaika, Manuel Olazabal Gurrutxaga, Jose Antonio Altuna Garate, Marcos Urbistondo Zendoia, Jose Antonio Arruti Garagarza eta Emeterio Alberdi Agirre zinegotziei eta udal langileei. Gaurko azpeitiarrok beraien duintasuna eta oroimena aldarrikatzen ditugu".