Pello Aizpuru: "Inork ez dio argitzeko behar bezala heltzen Pasaiako kasuari"

Uztarria.eus 2014ko uzt. 3a, 12:27
Pello Aizpuru ETBko 'Airean' saioan.

Atzo, asteazkena, ETB 1-eko Airean saioan izan zen Pello Aizpuru azpeitiarra, Dionisio Aizpuru Kurro Espainiako Poliziak Pasaian hildako Komando Autonomo Antikapitalistetako kidearen anaia. Martxoaren 22an 30 urte bete ziren Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu iruindarrak eta Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak tiroz hil zituztela.

Hemen Aizpuruk atzoko saioan esandako batzuk:

  • "Estatu krimen hau burutu zutenak kalean daude, inolako zigorrik gabe eta inolako ondoriorik gabe, eta inpunitate osoz jarraitzen dute. Horrek sekulako amorrua eta izugarrizko inpotentzia sortzen digu".
  • "Pasaiara txalupaz iritsi ziren, eta alto eman orduko tirokatu egin zituzten. Tiro zaparrada jaso zuten eta hiru pertsona bizirik atera ziren: Joseba Merino, Dioni Aizpuru eta Rafael Delas. Hirurak atxilotu eta haitz baten gainean jarri zituzten. Merino atxilotuta eduki nahi zuten, Casasen hilketan partea izan zuela uste zutelako, eta apartatu egin zuten. Beste biei Ahora os vamos a matar esan, eta bertatik bertara fusilatu zituzten".
  • "Inork ez dio argitzeko behar bezala heltzen kasuari".
  • "Pasaiako sarraskia argitu lelopean egin nahi izan ditugun bilkurak galarazi egin dizkigute. Azpeitian ezin izan dugu plazaratu, ezta argitzeko eskaera ere. Eskaera hori ere ezin dugu egin, debekatu egiten digute". 

Bideoa ikusteko egin klik lotura honetan (26:55 minutuan hasten da Aizpuru hizketan).