Haur eta gaztetxo ugari asteburuko parkean

Uztarria.eus 2014ko uzt. 7a, 12:08

Atracciones Sanz Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko babesle nagusiak haurrentzako jolas parkea jarri du asteburuan Betharrameko jolastokian. Haur eta gaztetxo ugari izan ziren bertan zapatuan nahiz igandean, eta han jasotako dirua txirrindularitzako probak antolatzeko erabiliko dute. 

Ibilitako jendearekin eta lortutako diruarekin "gustura" agertu dira antolatzaileak. Jendea bi egunetan gerturatu den arren, adierazi dute larunbatean baino jende gehiago ibili zela igandean, eguraldi txarraren ondorioz aterpean ondo pasatzera hurbildu baitziren haur eta guraso asko.

Datorren denboraldiko lasterketak antolatu ahal izateko beharrezkoa zuen elkarteak diru sarrera bat, eta iaz bezala, aurtengo parkeak ere "arnasgunea" ematen die lasterketak antolatzeak dakartzan gastuei aurre egiteko, elkarteko kide Gorka Agirrek azaldu duenez. Urteko lasterketa guztiak mantentzea dute helburu, "baina batez ere Urrakiko Igoerako proba mantentzeko zen beharrezkoa diru hau, horrek baitakartza antolaketa gastu handienak", esan du Agirrek.

Antolakuntzak eskerrak eman dizkio Atracciones Sanz enpresari, asteburuko parkea ipintzeko eskainitako laguntzagatik.

Hemen parkeko zenbait argazki.