Garbiñe Bereziartua: "Gazteek badakite bereizten noiz eta nola idatzi hizkuntza formalean edo informalean"

Uztarria.eus 2014ko uzt. 8a, 15:12
Garbiñe Bereziartua.

Euskarak eta euskaldunen hizkuntza-hautuek kezkatzen dute Garbiñe Bereziartua (Azpeitia, 1977). Bide horiei jarraiki egin da Pedagogian doktore Bereziartua, Ingurune euskalduneko gazteak eta hizkuntza idatzia, eskolan eta eskolatik kanpo tesiarekin. Nazioarteko lan horrekin irabazi du VI. Hausnartu Euskal Soziolinguistika lehiaketako bigarren saria. Sarituak Azpeitiko 299 gazteen laguntza izan du ikerketa egiteko, eta eskerrak eman nahi dizkie herriko eskolei eta ikasleei, haiek izan baitira ardatza eta jomuga.

Zure tesian landu duzu, batik bat, zer ohitura dituzten gazteek esparru informalean idazterakoan. Hutsunea ikusi zenuen alor horretan?

Nire kasuan, ikerketa talde bateko zuzendariari proposatu nion beraien taldean lanean hastea. Haiek jarraibide batzuk izaten dituzte, eta hark gidatu ninduen. Azaldu zidan beraien ikerketa-lerroen barruan non zeuden hutsuneak. Nik argi nuen euskararen inguruan egin nahi nuela ikerketa, eta zuzendariarekin adostu nuen gaia. Taldearen hutsuneak eta nire nahiak uztartuta, erabaki genuen zer izan zitekeen interesgarria bi aldeentzat.

Gazteen idazkera informala aztertzeko sare sozialak erabili dituzu. Gaur egun, beharrezkoa da eremu birtualera jotzea alor hori aztertzeko?

Bai. Komunikatzeko bide berriak garatu diren heinean, hizkuntza ere bide horietara moldatu da. Gaur egun, asko erabiltzen dira IKTak, Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, eta inoiz baino gehiago idazten da modu informalean. Izan ere, duela urte batzuk elkarrizketa informal gehienak ahozkoak izaten ziren, aurrez aurrekoak edo telefono bidezkoak. Beraz, gaur egun, beharrezkoa da eremu birtuala aztertzea gazteen ohiturak ezagutzeko, eremu horretan, behintzat.

299 gazterekin egin duzu ikerketa. Haiek esan dute beraien hizkuntza nagusia euskara dela, baina telebista edo liburuak, besteak beste, gaztelaniaz kontsumitu ohi dituzte. Zer dago horren atzean?

Azpeitia euskararentzat arnasgunea den arren, gazteen kultur kontsumoa arnasgunea ez den beste edozein herritakoa bezalakoa da. Hau da, hemen ez dute Euskal Herriko beste udalerrietan baino euskarazko kultura gehiago kontsumitzen. Gainera, esan behar da ez dutela asko irakurtzen, ez euskaraz, ezta gainontzeko hizkuntzetan ere. Ez dago irakurtzeko joerarik gazteen artean. Telebistari dagokionez, berriz, esan daiteke eragin handia duela gazteen hizkuntza-ohituretan. Gure herrian, eta nik aztertu ditudan gazteen kasuan, etxean euskaraz hitz egin ohi da, eta eskolan zein kalean ere bai. Beraz, faktore horiek euskararen alde egonda, ikus dezakegu zer pisu izan dezaketen hedabideek, batik bat, telebistak gaztelania erabiltzeko joera horretan. Gazteek asko ikusten dute telebista, eta beraientzat ETB1-ek ez du eskaintzen ezer erakargarririk. Horrenbestez, Espainiako kateetako ereduak eta gaztelaniazko esapideak hartu ohi dituzte. Adibidez, ikerketan parte hartu duten gazte batzuek aipatu didate lehen Basetxea saioa ikusten zutela, baina hura kendu zutenez, orain El Conquistador del fin del mundo ikusten dutela. ETB-ko saioa da, baina gaztelaniaz dago. Ez dakit norena den ardura, baina uste dut ez dagoela soberan horren inguruan hausnarketa egitea. Jakin behar dutenek jakin dezatela ETB1-eko telebista-parrillan ez dagoela gazteen gustuko ezer, eta horregatik nerabeek ez diotela utziko telebista ikusteari. Euskaraz, Goenkale eta kirolekin lotutako saioak soilik ikusten dituztela esan zidaten elkarrizketetan.

Irratia, aldiz, euskaraz entzun ohi dute, ezta?

Bai, uste dut Euskadi Gaztea gazte askorengana iritsi dela. Euskadi Irratia bera ere oso indartsua da, eta kolore askotako pertsonengana iristen da. Egia esan, nik ez dut sakonki aztertu hori, eta ezin dut ziurtasun osoz azaldu zergatik entzuten duten irratia euskaraz, baina nire irudipena da.

Idatzizko jardun informalean, ahozkoan baino gehiago erabiltzen dute gaztelania?

Gazteekin eztabaida-saioak egin genituenean, zenbaitek esan zuten beraiek gehiago erabiltzen zutela gaztelania testu idatzietan ahozko jardunean baino. Nik ez dut uste hori horrela denik, eta haiek ere, apurka-apurka, jabetu ziren ahozkoan ere gaztelania tartekatzen dutela. Kontua da idatzizko jarduna orrian gelditzen dela, ezin dela ezabatu. Horrekin, errazago ikusten da gaztelania erabiltzen duzula, kontziente zara; ahozko jardunaren kasuan, aldiz, ez da horren erraza. Ahozkoan ikaragarri ibiltzen dugu erdara: hitz solteak, esapideak eta, zenbaitetan, esaldi osoak ere bai. Hala ere, idatzian nabarmenago edo agerikoago gelditzen da.

Tesian aipatzen duzu gaztelania 'estatusa altxatzeko' modutzat erabiltzen dela, gazteen artean. Azpeitian ere bai?

Bai. Herri bezala begiratzen badiogu historiari, ikusiko dugu belaunaldi bakarra pasatu dela herritarrek, arrakastatsuak-edo izateagatik, gaztelaniaz egiten zutenetik. 30-50 urte dira hori gertatu zela, eta horrek, nire ustez, oraindik arrastoa utzi du hizkuntzaren autoestimuan. Nahi edo ez, uste dut hori txertatuta dugula barruan. Bestela, Donostiara joaten garenean, zergatik ez dugu egiten lehen hitza euskaraz? Uste dut oraindik barruan daramagun arantza dela euskara herriko eta baserriko hizkuntza dela pentsatzea, sentimendu hori oraindik badugu.

Uste duzu hizkuntza informalean asko idazteak eragin diezaiokeela hizkuntza formalaren kalitateari?

Ikerketa honek argi utzi duena zera da: gazteak gai direla ikusteko nola idatzi behar duten eremu informalean eta zer baliabide erabili behar dituzten, berriz, hizkuntza formalean. Beraz, gazteek badakite bereizten noiz eta nola idatzi hizkuntza formalean edo informalean. Ezin da esan hizkuntza eremu informalean erabiltzeak eremu akademikoari eragiten ez dionik; horretarako, ikerketa gehiago egin beharko lirateke. Eraginak eduki ditzake ortografian, hiztegian edo sintaxian, baina hori ikertu egin behar da. Beldurtuta daudenei esango nieke oraindik ezin dugula esan txarra denik. Akatsak egiten dituzte esparru formalean idazterakoan, baina hori lehen ere egiten zuten gazteek. Euskalkiaren zantzuak azal daitezke arlo akademikoko idazlanetan, baina ahoz ere erabiltzen dugu euskalkia, eta nola dakigu idatzizko jardunak eragiten dituela akatsak? Bestalde, nik uste dut hizkuntza zerbait bizia bezala ikusi behar dugula: esparru gehiagotara iristeko kodeak garatu ditu euskarak, eta hori ona da hizkuntza gisa. Ez da mehatxua, aukera da: hizkuntzak gaurkotasunera moldatzeko gaitasuna du, eta gazteak euskaraz ari dira idazten. Azkenean, uste dut ezagutzen ez dugunari beldurra diogula, neurri batean ulertzen dut, baina ikuspegi zabal batetik begiratu behar diogu fenomenoari gertatzen ari dena ulertzeko, eta hori aztertzeko. Gainera, gazteak ere kontziente dira beraien ohiturak izan ditzaketen arriskuez; horregatik, gazte talde batek, adibidez, azaldu dit saiatzen direla gutxieneko arauak errespetatzen modu informalean idazterakoan ere. Adibidez, 'h' hizkia behar den lekuan idazten saiatzen direla esan didate. Itxaropentsu begiratu behar diogu horri ere.

Euskalkia izan daiteke faktore bat gazteek jardun informalean euskara hautatzeko?

Jakina. Ez gara jabetzen zer zorte dugun euskalkia izateagatik. Gu horrekin jaio gara, ez dugu pentsatu ere egin euskalkia ez edukitzeak zer sentimendu sor dezakeen. Ikasleentzat euskara batua eskolako hizkuntza da, erabat artifiziala, beraz, euskalkia ez duten gazte askok gaztelaniara jotzen dute, ez dutelako nahi  'eskolako hizkuntzarekin' saretu beraien harremanak. Lagun artean, 'guaia' izateko, ez dute euskara batura jo nahi. Euskalkiaren jabe ez diren gazteek ez dute baliabiderik modu jatorrean euskaraz hitz egiteko, eta, sarri, erdara hautatzen dute. Guk, azpeitiarrok, ez dugu ikusten euskalkia izateak hori guztia ematen digula. Azpeitian badugu eskolako hizkuntzarengandik desberdina den beste euskalki bat, lagunekin hitz egiteko. Azpeitiar bezala, gutxienez, horretaz jabetu behar ginateke.

Azaldu duzu ez dakizula zenbateraino eragingo dion hizkuntza informalak formalari. Ikerketa gehiagoren beharra dago?

Bai, gaia lantzeko eta aztertzeko beharra dago. Benetan ikusten badugu kalteak sortzen ari direla, neurriak hartu behar genituzke. Ez dakit hori noren lana izan daitekeen, baina bidea egin behar da.