Heziguneen Katalogoa aurkeztu dute, herritarrek hezkuntza baliabideen gaineko informazioa jaso, ezagutu eta erabili dezaten

Uztarria.eus 2014ko uzt. 8a, 16:46
Gida osatzen aritu diren zenbait eragile eta taldetako kideak, Mari Jose Iturria Hezkuntza zinegotziarekin.

Katalogo horretan herriko ikastetxeen eta haurreskolen inguruko informazioaz gain, arlo desberdinetako eragile eta elkarteen gaineko informazioa dago eskuragarri, esparru desberdinetan banatuta. Interneten jarri dute ikusgai, Azpeitiko Udalaren webgunean.

Azpeitiko Udalak Heziguneen Katalogoa aurkeztu du gaur, asteartea, "ezagutza eta heziketa lantzeko" helburuarekin. Mari Jose Iturria Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, "Azpeitian lan asko egiten da herritarren formazioaren alde, ikastaro eta kurtso ugari egiten dira, eta hitzaldiak ere kontaezinak dira. Hori dena egiten da Azpeitian jende interesatua eta konprometitua dagoelako, eta dinamika zabal eta eraginkor horren atzean dagoena bistaratu nahi izan dugu". Horregatik sortu dute katalogoa, eta bertan Azpeitian hezkuntza arautuan eta ez arautuan eskaintzen den formazioaren gaineko gida osatu dute. 

Katalogo horretan herriko ikastetxeen eta haurreskolen inguruko informazioaz gain, arlo desberdinetako eragile eta elkarteen gaineko informazioa dago eskuragarri, esparru desberdinetan banatuta. Hala nola, aisialdirako taldeak, musika, artea eta dantzarekin zer ikusia duten herriko eragileak, autoeskolen gaineko informazioa, helduentzako hezkuntzarako aukerak, hizkuntza akademien aukerak, kirol taldeen inguruko informazioa eta kultura edo euskara taldeen gainekoa daude eskuragarri gidan.

Gida udaletxean eskuratu ahal izango da, eta Interneten ere jarri dute ikusgai, Azpeitiko Udalaren webgunean. Katalogoak "bizia" izan behar duela eta "sarri berritu" beharrekoa dela azaldu du Iturriak. Gainera, gida horretan agertzen ez diren eta katalogoan sartzea nahi duten talde edo eragileek Azpeitiko Udaleko Hezkuntza sailarekin jarri beharko dute harremanetan, 943 15 70 68 telefonora deituta.

Iturriak esan duenez, "Azpeitia eta azpeitiarren etorkizuna suspertzeko, formazioa eta denon arteko elkarlana ezinbestekoa da, eta horretarako beharrezkoak dira ezagutza eta heziketa lantzea".