Baigerakoek bi ibilaldi egin dituzte azken asteetan

Uztarria.eus 2014ko uzt. 9a, 13:11

Baigera Jubilatuen Elkarteak antolatuta, bi ibilaldi egin dituzte herriko hainbat jubilatuk eta erretiratuk, azken asteotan. Xoxoten izan ziren ekainaren 29an eta uztailaren 4an, berriz, Azpeitiko hiribildua nolakoa zen ezagutzeko aukera izan zuten. 

Xoxotera egindako irteeran 110 lagun elkartu ziren. Jubilatuez gain, horiek autoz igo zituzten gidariak, DYAko kideak eta udal ordezkariak ere izan ziren Xoxoten. Antolatzaileek adierazi dutenez, egun ederra pasa zuten mendian. Bertan, meza eta hamaiketakoa izan zituzten, eta Bixente Larrañagak girotu zuen ingurua.

Pasa den ostiralean, uztailaren 4an, Azpeitia ezagutzen ibili ziren jubilatuak. Olatz Arangurenen gidaritzapean antzinako Azpeitiko hiribildua nolakoa zen ikusteko aukera izan zuten, elkartutako 29 jubilatuek. Besteak beste, Harresi Zaharra, herriko sarrerak non zeuden, herriko bizimodua nolakoa zen, Madalenako ospitalea, Enparango jauntxoen errotak eta lehendabiziko udaletxea non zegoen ezagutu zituzten.