Duintasuna, zahartzaro duin baten alde

Urola Kostako Hitza 2014ko uzt. 10a, 12:11
Arrosa Borda eta Mari Kruz Etxeberria, Duintasuna jubilatu eta pentsiodunen plataformako kideak. (Nerea Uranga)

Duintasuna Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen plataforma lanean ari da adinekoek bizitza duin bat izateko duten eskubidearen alde. Eskualdeko herrietan ere badiera helburu horrekin plataforman ari direnak. Beren egoeraz eta eskaerez hitz egin dute Arrosa Borda eta Mari Kruz Etxeberria zarauztarrak.

Bizitza duin bat izateko eskubidea da Duintasuna Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen plataformaren aldarri nagusia. Horretarako, "jubilatuta egon arren erretirorik hartu gabe" lanean ari dira Mari Kruz Etxeberria zarauztarra eta Arrosa Borda azpeitiarra, plataformaren barruan. "Adineko guztiok nahi dugu zahartzaro duin bat, eta horren bila goaz. Hori lortzea da gure helburua, eta esperantza ematea", azaldu dute. Adineko pertsonen eskubideak defendatzea dute xede, mobilizatuz.

Duintasuna plataformak, Gipuzkoan ez ezik, Hego Euskal Herriko lurralde guztietan funtzionatzen du. LAB sindikatutik sortu zen, baina gaur egun plataforma zabala da. "Asko LAB sindikatuko jubilatuak gara, baina gero eta jende gehiago dator plataformara beste eragile batzuetatik: ESK sindikatutik, STEE-EILAS-etik, baserritarrak…". Gero, lurraldearen barruan eskualdeka ari dira lanean: "Urola Kostan funtzionatzen dugu, eta Azpeitian, Zumaian, Zarautzen eta Orion daude taldeak osatuta".

Hilero biltzen dira lurraldeko batzarra egiteko. "Orduan, hilero zer gai landu dugun, horren gaineko aldarrikapena egiten dugu", diote. Herriz herri egiten dituzte mobilizazioak, "ahotsa toki guztietara iristeko". Mobilizazioez gainera, hitzaldiak eta formazio saioak ere egiten dituzte gai desberdinak landuz. Esaterako, Zestoan pentsioen murrizketen inguruan eman zuten hitzaldi bat, eta geriatriari buruzko beste bat ere bai Zarautzen. Baina, aisialdirako tartea ere hartzen dute: "Giro ederra daukagu plataforman".

Erreportaje osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.