Trenaren museoaren etorkizuna bermatzeko hitzarmena galdegin dio Udalak Eusko Jaurlaritzari

Uztarria.eus 2014ko uzt. 10a, 14:26

"Hitzarmenak egongo zirela esan ziguten Eusko Jaurlaritzako arduradunek", azaldu du Iñaki Portilla zinegotziak, baina oraindik ez dela halakorik egin salatu du. Horrekin batera, udaleko oposizioaren jarrera salatu du Udal Gobernuak.

"Ekonomia suspertzeko faktore bezala, Azpeitiak turismoarekiko apustua egiten du, eta zentzu horretan, Trenaren Museoak izaera estrategikoa duela uste du Udal Gobernuak", esan du Iñaki Portilla Industria, Merkataritza eta Turismo saileko arloburuak. "Trenaren museoaren etorkizuna Azpeitian bermatzeko beharrezko neurriak eta, era berean, kudeaketa gardena, arduratsua eta administrazio publikoen kontrol partekatua ahalbidetzeko hitzarmena behar dugu, gaineratu du Portillak.

"Fundazioaren likidazioarekin eta desegitearekin batera, Burdinbidearen Euskal Museoko zerbitzuen osotasuna eta museoaren garapena eta etorkizuna bermatuko lituzkeen konpromisoak edo hitzarmenak egongo zirela esan ziguten Eusko Jaurlaritzako arduradunek. Horrela, Azpeitiak museoan parte hartzea eskaini eta baimenduko zuen akordioa ere izango zela esan ziguten", salatu du Bilduko zinegotziak.

Udal oposizioari kritika

Jaurlaritzari egindako eskaera horrekin lotuta, oposizioaren jarrera salatu du Udal Gobernuak; oharrean zehaztu ez arren, bereziki EAJren hautetsiek azkenaldian egindako zenbait adierazpen eta agerraldi kritikatu ditu Portillak.

Izan ere, Bilduko hautetsien ustez, Burdinbidearen Euskal Museoaren kasuan, adibidez, Udalak Jaurlaritzari egiten dion eskaeraren alde indar egitea bai legokiokela Azpeitiko EAJri, "hainbesteko ardura izanik Jaurlaritzan". Oposizioak "herriaren alde lan egiteko nahiko arlo eta eremu badituela" uste du Udal Gobernuak, baina ez dagokion eremuetan sartzea egotzi dio oposizioari.

Oposizioak "lotsagabe" Udal Gobernuaren lanaz eta egitasmoez jabetzea nahi izan duela adierazi du Portillak; Udal Gobernuko parte izan gabe "gobernuaren lanak eta egitasmoak bere egiten dituen oposizioaren aurrean ez da erraza erantzutea", gaineratu du. Oposizioaren jarrera horren adibide da, Udal Gobernuarentzat, Madalenako ospitalearekin gertatutakoa. Iñaki Portillak azaldu duenez, "Udala eta Garapen Agentzia lantzen ari diren bideak oztopatu dituzte, parte hartu ez duten egitasmoak eurenak bezala salduz eta lotu gabeko akordioak zalantzan jarriz". "Hori guztia hauteskundeetan bozak irabazteko egin dute, erreala ez den publizitatea lortzeko", dio. "Argi da batzuek jada hauteskunde kanpaina hasita dutela, eta guk herria kudeatzen jarraituko dugu", gaineratu du Portillak.