Datorren astean hasiko dituzte igerilekuaren eraikina handitzeko lanak

Uztarria.eus 2014ko uzt. 11a, 14:24
Mari Jose Iturria eta Manuel Unanue Udal zinegotziak, eta Nerea Lopetegi kirol teknikaria eta Joxe Mari Arregi Udaleko aparejadorea.

Hasi dituzte lanak abiatu aurreko egokitze lanak. hilaren 21etik aurrera eta lanek irauten duten bitartean, igerilekuko edo gimnasioko erabiltzaileek ez dute ohiko sarreratik sartu beharko, eta sarrera berriak egokitzen ari dira jada. Egokitze eta handitze lanak zazpi hilabetean bukatzea aurreikusten du Udalak, eta 1.600.000 euroko aurrekontua dute obrek.

Datorren astean hasiko dituzte igerilekuaren eraikina handitu eta egokitzeko lanak. Dagoeneko hasi dira ingurua lanetarako egokitzen eta, besteak beste, igerileku aurreko parkea kendu dute. Gainera, hilaren 21etik aurrera eta lanek irauten duten bitartean, igerilekuko edo gimnasioko erabiltzaileek ez dute ohiko sarreratik sartu beharko, eta sarrera berriak egokitzen hasi dira jada. Izan ere, neskek estaligabeko igerilekuaren sarreratik sartu beharko dute aldageletara eta mutilek, berriz, Esklabetako elizaren aldean egiten ari diren sarreratik. Dena den, obrak martxan direla ere zabalik izango da igerilekua, eta baita hirugarren solairua ere (gimnasioa).

Azpeitiko udal igerilekuaren eraikina handitu egingo dute. Aurrealdera, lehen parkea zegoen aldera, egingo dituzte handitzeko lanak. Igerilekuan lehorreko eta uretako kirol jarduerak egiten dira, eta egingo dituzten lanek lehorreko jardueren azpiegiturei soilik eragingo diete. Kirolerako espazioa handitzeaz gain, igogailua jarriko dute, erabiltzaileen irisgarritasuna hobetzeko.

Horrez gain, igerilekuko erabiltzaileentzat eta lehorreko kirol jardueretan aritzen direnentzat aldagela bana egingo dute. Modu horretan, neskentzat bi aldagela eta mutilentzat beste bi izango dira lehen solairuan. Gainera, eraikineko solairu bakoitzean komunak jarriko dituzte. Egun sarrera dagoen tokian, berriz, saunak egingo dituzte, eta aurrealdera handituko duten gunean harrera gune bat eta XJ Auzolanentzat lokal bat izango dira. Izan ere, auzo elkarte horrek egun duen Iluntze lokala utzi egin beharko du aurki, eta lanak bukatzean igerilekuan izango dute lokala. Beste bi solairuetan gaur egun dauden guneak zabaldu eta egokituko dituzte.

Lanak Antzibar enpresak egingo ditu (bederatzi enpresa aurkeztu ziren lehiaketara), eta obrak zazpi hilabetean bukatzea aurreikusten dute Udal ordezkariek. 1.600.000 euro (BEZ barne) aurrekontua du igerilekuko eraikina handitzeko proiektuak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Ekipamenduetako Planean 550.000 euro aurreikusi dituzte Azpeitiko igerilekurako. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzan ere diru laguntza eskaera egin du udalak, eta Manuel Unanue kirol batzordeburuak azaldu duenez, "ikusteko dago zer ematen diguten".