Pilota eta erremonte partidak jokatuko dituzte saninazioetan, uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean

Uztarria.eus 2014ko uzt. 15a, 11:19

Izarraitz pilotalekuan jokatuko dira norgehiagokak, 22:30etik aurrera. Uztailaren 31n pilota partidak jokatuko dituzte; eta abuztuaren 1ean, berriz, erremontekoak.

Lau pilota eta erremonte partida jokatuko dituzte San Inazio jaietan Izarraitz pilotalekuan. Uztailaren 31n, pilota partidak izango dira ikusgai, 22:30ean hasita. Bi norgehiagoka jokatuko dituzte, eta honakoak dira bikoteak: 

  • Lehen partida: Altuna eta Peñagarikano, Artola eta Apraizen aurka.
  • Bigarren partida: Martinez de Irujo eta Rezusta, Bengoetxea eta Beroizen kontra.

Lehen partidan, Kepa Peñagarikano pilotari azpeitiarrak agur esango dio kirol horri (Hori dela eta, bihar, asteazkena, Uztarria.com-eko elkarrizketa digitalean izango da pilotaria). Izan ere, bere azken norgehiagoka izango da, hamahiru urteren ondoren. Bigarren partidan, berriz, Oinatz Bengoetxea kirolaria pilotalekuetara itzuliko den lehen aldia izango da, martxoaren 9az geroztik jokatu gabe egon ostean.

Bestalde, abuztuaren 1ean, erremonte jaialdia ospatuko dute Izarraitzen. Jaialdi horretan ere bi partida jokatuko dituzte, 22:30etik aurrera. Honakoak dira taldeak:

  • Lehen partida: Etxabe II eta Agirrezabala, Matxin III eta Endikaren aurka.
  • Bigarren partida: Urriza eta Ion, Etxeberria IV eta San Miguelen kontra.

Erremonteko bi norgehiagokak 40 tantora jokatuko dira.