EAJren udal taldea prest agertu da Azpeitiaren sustapen ekonomikoan laguntzeko

Uztarria.eus 2014ko uzt. 16a, 13:38

Pasa den astean Iñaki Portillak Trenaren museoaren inguruan egindako adierazpenei erantzun die Aitor Gorrotxategi jeltzaleen bozeramaileak, eta era berean, eskatu dio "behingoz deitu dezala bere ardurapean duen batzordearen bilera".

EAJren udal taldeak "prestutasun osoa" agertu du "susperraldi ekonomikorako faktore moduan Bilduren gobernuak turismoa sustatzeko aurkez ditzaken ekimen zehatz eta benetakoetan laguntzeko". Horrez gain, Iñaki Portilla udaleko Industria, Merkataritza eta Turismo arloko zinegotziari ere zuzendu zaizkio jeltzaleak, eta eskatu diote "alde batera uzteko esandakoetan erabiltzen duen tonu krispatua" eta "behingoz deitu dezala bere ardurapean duen batzordearen bilera".

Pasa den astean Iñaki Portillak Trenaren museoaren inguruan egindako adierazpenei ere erantzun die Aitor Gorrotxategi udaleko bozeramaile jeltzaleak, eta esan du "Trenaren museoa turismoari dagokionez erakarpen eta sustapen gune dela Azpeitiarentzat, eta bertako jarduera ikusgarri eta interesgarriak Eusko Jaurlaritzaren kudeaketari esker" daudela: "Hori ez da gertatzen Azpeitian ditugun balio handiko eta erakarpen turistikoko beste gune batzuekin, udal gobernuak ez duelako ezer egin hiru urte hauetan".

Trenaren museoaren etorkizuna bermatzeko hitzarmena eskatu zion Portillak pasa den astean Eusko Jaurlaritzari, eta Gorrotxategik adierazi duenez, "museoak Azpeitian jarraitu ala ez zalantzan jarri zuten bakarrak aurreko legealdian Trenaren Museoaren gidari aritu ziren sozialistak izan ziren, Iñaki Arriola eta Ernesto Gasco buru zirela". "Haiek izan ziren, hain zuzen ere, kudeaketa erabat kaskarrarekin museoaren etorkizuna arriskuan jarri zutenak. Museoaren Patronatuak hainbat eta hainbat erabakiren ondorioz erakunde hori galbidera eramateko zorian egon ziren, eta erabaki horiek ez zituen inoiz zalantzan jarri Udalak Patronatuan zuen ordezkari Eneko Etxeberriak", gaineratu du Gorrotxategik.

Bozeramaile jeltzalearen arabera, "alkateak bere botoarekin bermatu egin zituen hainbat erabaki; besteak beste, kudeaketan esperientziarik ez zuen zuzendari berri bat kontratatu zuten, eta zuzendari horrek urtean 95.000 euroko soldata zuen, nahiz eta inoiz ez zuen museo batean lanik egin eta, nahiz eta ez zuen trenaren gaineko oinarrizko ezagutzarik". Gorrotxategik azpimarratu duenez, epealdi horretan, "normalean izan ohi dituen bisitarien heren bat soilik" bertaratu zen museora, eta "diru-sarrerak neurri horretan murriztu eta gastuak hirukoiztu" egin zirela esan du: "Ez alkateak eta ez Iñaki Portillak ez zuten zalantzan jarri aipatutako zuzendari horrek museoan egindako kudeaketa, ezta Patronatuak hartutako erabakiak ere. Argi eta garbi babestu zituzten azken minutura arte, eta zuzendari hura kargutik kentzearen kontra agertu ziren".

Aitor Gorrotxategiren aburuz, "legealdi aldaketarekin eta Fundazioaren gidaritzaren aldaketarekin museoak berriro bere bidea zuzendu ahal izan du, gastua %50ean murriztuta, eta bisitariak bikoiztuta". Jeltzaleen ustez, hori "erraz atzeman daiteke asteburuetan herriko kaleetan eta ostalaritza-establezimenduetan". 

"Portilla jaunarekin ados gaude museoak kudeaketa garden, arduratsu eta partekatua izan behar duela dioenean", azaldu du bozeramaile jeltzaleak, eta gaineratu duenez, "kudeaketa horrek profesionala" ere izan behar du: "Joan den legealdian museoak ez zuen kudeaketa profesionala izan, eta ez Iñaki Portillak eta ez Eneko Etxeberriak inoiz ez zuten jarri zalantzan, ondorioak kaltegarriak baziren ere". Gorrotxategik baieztatu duenez, "orain museoa ondo dabil", eta "euren esku dagoen guztia" egingo dutela esan du "Azpeitian turismoarentzat erakargarriak diren eraikinak ateak zabalduta eduki ditzan".