Zigortutako gazteak aitortu du berak hil zuela Amaia Azkue

Uztarria.eus 2014ko uzt. 16a, 17:57

Gazteak epaiketan ukatu egin zuen hilketa, nahiz eta bere burua aurkeztu zuen fiskalaren aurrean. Adingabeen zentroan edo kartzelan segituko duen erabakitzeko auzi saioan aldatu du jarrera, eta barkamena eskatu du.

Zenbait berri agentziak argitaratu dutenez, Amaia Azkueren hilketaren harira zigortutako gazteak aitortu du 2011ko martxoan berak hil zuela zarauztar emakumea. "Azkueren familiari eta gizarteari barkamena" eskatu die azpeitiar gazteak, "damututa dagoelako". 

Adingabeen zentroan edo kartzelan jarraituko duen erabakitzeko gaur, asteazkena, Donostiako Adingabekoen Epaitegian egindako auzi saioan aldatu du deklarazioa. Hilketaren karietara zigortu zuten gaztea adingabea zen Azkue hildakoan, eta adingabeen zentro batean ari da jarri zioten hamar urteko zigorra betetzen. Dagoeneko adinez nagusia da, eta aztertzen ari dira adingabeen zentroan segiko duen zigorra betetzen edo espetxeratu egingo duten.

Gazteak adingabeen zentroan jarraitzearen alde azaldu dira fiskala eta defentsa. Nabarmendu dute "positiboa" izaten ari dela gaztearen ibilbidea zentroan, eta kartzelan sartzeak arriskuan jarriko lukeela hori. Azkueren sendiaren abokatua ez dago ados adingabeen egoitzan segitzearekin.

Zigortutako gazteak hainbat bertsio erabili ditu orain arte egin diren auzi saioetan. Ertzaintza ikerketarekin hasi zenean eta gaztea jomugan jarri zutenean, 2011ko abuztuan, Adingabeen Fiskaltzara jo eta Amaia Azkue berak hil zuela deklaratu zuen. 2012ko urtarrilean, ordea, berriro fiskalaren aurrean agertzeko eskatu eta ukatu egin zuen Azkue hil izana, eta bigarren bertsio horri eutsi zion epaiketan ere.