Bilduren udal taldeak esan du Trenaren Museoaren kudeaketa ez dagoela Udalaren esku

Uztarria.eus 2014ko uzt. 17a, 11:59

Azpeitiko EAJren adierazpenei erantzunez, Iñaki Portilla zinegotziak esan du Tren Museoaren inguruko erabakiak Jaurlaritzak hartzen dituela, eta erakunde horrek erdira murriztu duela museo horretara bideratutako dirua.

EAJren adierazpenak aintzat hartuta, Iñaki Portilla Industria, Merkataritza eta Turismo zinegotziak azaldu du "erabat faltsua" dela Azpeitiko Udalak Tren Museoaren kudeaketan ardura duela esatea. Izan ere, Eusko Jaurlaritza arduratzen da eskumen horretaz.

Bestalde, Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramaileak Udal Gobernuari eginiko kritikari erantzunez, Portillak jakinarazi du "joan den legealdian" hartu zuela Jaurlaritzak Trenaren Museoaren zuzendaritza aldatzeko erabakia; orduan, "EAJren esku zegoen Azpeitiko alkatetza", gehitu du zinegotziak. Gorrotxategik kritikatu duena zera izan da, alkateak bere bozarekin "bermatu" egin zituela hainbat erabaki; besteak beste, "kudeaketan esperientziarik ez zuen zuzendari berria" kontratatzea.

Horrez gain, Gorrotxategik Jaurlaritzaren lana goraipatu du; izan ere, haren esanetan, diru gutxiago gastatuta, "bisitariak bikoiztu" ditu erakunde horrek. Portillaren iritziz, ordea, honakoa da "egia bakarra": "Museoaren proiektu osoa zen lehen; eta, orain, trenean bakarrik oinarritzen den museoa da. Ez dago museo-jarduerarik, erakusketarik, dinamizaziorik...".

Ildo beretik, Turismo zinegotziak baieztatu du Trenaren Museora bideratutako aurrekontuaren dirua erdira jaitsi dela: "500.000 euro ingurukoa da Eusko Jaurlaritzak Azpeitiko herrian inbertitzeari utzi dion kopurua". Portillak azaldu du badakitela lan asko dagoela egiteko, baina, haren hitzeta, "bide onetik doaz".