'Elkarrekin eskualdea eraldatzen' lelopean bildu dira Iraurgi Berritzeneko kideak eta eragileak

Uztarria.eus 2014ko uzt. 17a, 18:06

XII. Kudeaketa topaketa egin dute Iraurgi Berritzenekin lanean ari diren eskualdeko ordezkari publikoek, enpresek eta ikastetxeek. Elkarrekin eskualdea eraldatzen lelopean bildu dira gaur, osteguna, Sanagustin kulturgunean. Zehazki, honakoek hartu dute parte topaketan: eskualdeko hamasei enpresek, lau ikastetxek, Azpeitiko eta Azkoitiko Udal ordezkariek eta Iraurgi Berritzeneko arduradunek eta teknikoek.

Joan den urteko topaketan landutako proposamenei erantzuteko proiektuak aurkeztu dituzte; eta, etorkizunean, Iraurgi Berritzen taldeak jarraitu beharreko biderari buruzko ekarpenak jaso dituzte, enpresen, hezkuntza eragileen eta erakundeen aldetik.

Gaur egungo lan-lerroak sendotzea da erakundearen helburuetako bat. Horrez gain, egiteko berriak lehenetsi dituzte gaurko bileran. Honakoak dira:

  • Prestakuntza hobetzea, etrokizuneko beharrei erantzuteko.
  • Enpresen elkarlana sustatzea, bailarako kohesio ekonomikoa ziurtatzeko. Horretarako, kudeaketa eredu berriak proposatzea aurreikusi dute.
  • Erakunde publikoei eskatu diete, epe luzeko proiektuak egitea, eta konpromisoa hartzea haiek garatzeko.

Bestalde, topaketan izan da Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako Diputatua. Hark adierazi du "uztartuta" daudela Iraurgi Berritzenen "lan-lerroak" eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren "ildo estrategikoa".