Iñaki Portilla: "Tren museoak Azpeitian segitzea bermatu behar dugu"

Gipuzkoako Hitza 2014ko uzt. 18a, 12:30

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioa desegiteko erabakiaren berri iazko uztailean jakin zen. Joan den astean, Azpeitiko Udalak museoak herrian segitzeko hitzarmen bat eskatu du. Iñaki Portilla (Azpeitia, 1952) Merkataritza eta Industria zinegotziaren arabera, turismoa sustatzeko egiten ari diren ahaleginetan trenaren museok badu bere garrantzia, eta kezkatuta daude.

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoaren etorkizuna Azpeitian bermatuko duen hitzarmen bat behar dela esan duzue. Kolokan ikusten al duzue museoak Azpeitian segitzea?

Kezkatuta gaude. Segurtasuna nahi dugu, eta segurtasuna hitzartutakoan lortzen da. Orain arte ikusitakoaren arabera, Euskal Burdinbidearen Museoaren Fundazioa desegin, eta alternatibarik ez lantzea atzerapausoa da: museoan bertan izandako eraginengatik, herriko eskaintza turistikoaren beherakadagatik, kanpotik etorritako finantzaketa galtzeagatik, langileek salatutak kaleratzeengatik... Azpeitiko Udalak Trenaren Museoak herrian jarraituko duenaren bermea behar du, kudeaketa konpartitu garden batekin eta eskaintza egokiarekin. Horregatik eskatzen dugu hitzarmena. Trenaren Museoko inbertsioak %50ean jaitsi dira, hau da, eskaintza jaitsi da.

Inbertsioa jaisteak orduan Azpeitian eragina izan du.

Diru horren gehiengoa herrira zetorren, hemen gastatzen zen. Gainera, kuriosoa da Jaurlaritzak murrizketak zein lekutan egin dituen ikustea: Azpeitia krisi ekonomiko latza pasatzen ari da, eta arlo ekonomikoko faktore honetan jaitsiera nabarmena justu Azpeitian egin du. Burdinbidearen museoko fundazioak hainbat diru ekarpen lortzeko aukera ematen zuen, hainbat patrono zeuden prest parte hartzeko, eta dirua jartzeko. Diru hori dena galdu da, eta ez da berreskuratu. Proiektuan dirua jartzeko prest zeudenek ez dute biderik dirua jartzeko. Baina fundazioa desagertu arren, edukiak mantentzea kontrol konpartituarekin eginez gero, ez legoke arazorik. Gauza da hori ez dela egiten, eta hori egiteko tresnak, hitzarmenak, ez direla abian jartzen.

Hemen elkarrizketa osorik.