Bederatzi urteren ostean, karting proba berreskuratuko dute bihar

Uztarria.eus 2014ko uzt. 18a, 14:36
Iñaki Aiertza eta Iñaki Areizaga, karting-aren antolakuntza taldeko kideak.

Proba 15:30ean hastea aurreikusita bazuten ere, eguraldiaren iragarpena tarteko eta "euria sahiesteko", 14:30ak aldean hasiko dira autoak eta motorrak probak egiten. Antolatzaileek argitu nahi izan dute "erakustaldia izango dela, eta ez lasterketa", eta ikusleei "kontuz ibiltzeko" deia egin diete, "garrantzitsuena segurtasuna" delako

Autoek eta motorrek hartuko dute bihar, zapatua, Azpeitia. Auto Klasikoen XI. Rallya izango da batetik, eta 2005etik egin ez den karting proba izango da Damaso Azkue auzoan. Iñaki Aiertza eta Iñaki Areizaga kartingaren antolakuntza taldeko kideak dira, eta azaldu dutenez, "herritarren artean saltsa sortzea eta probak indarra hartzea dira helburuak, herrian autoen eta motorren afizioa badagoelako".

Proba 15:30ean hastea aurreikusita bazuten ere, eguraldiaren iragarpena tarteko eta "euria sahiesteko", 14:30ak aldean hasiko dira autoak eta motorrak probak egiten. Lau mailatan ariko dira kart gidariak: alebinak eta kadeteak (biak batera ariko dira), jubenilak eta KZ2 mailako abiadura aldagailudun autoak. Azken horiek dira indar gehien duten kart-ak, eta sei bat azpeitiar gidarik hartuko dutela proban parte aurreratu dute antolatzaileek. Horiez gain, minimotoek eta supermotoek ere hartuko dute parte proban.

Karting probaren ibilbidea Azpeitiko Damaso Azkue auzoan eta inguruko errepideetan barrena egingo dute. Kart-en irteera, berriz, Etxe Zuri taberna paretik izango da.

"Segurtasuna garrantzitsuena"

Antolatzaileek argitu nahi izan dute "erakustaldia izango dela, eta ez lasterketa", eta ikusleei "kontuz ibiltzeko" deia egin diete, "garrantzitsuena segurtasuna" delako: "Arriskutsua izan daiteke proba ikusleek hesiak errespetatzen ez badituzte. Garrantzitsua da ikustera gerturatzen direnak hesiaren atzean jartzea, ezbeharrik gertatu ez dadin".