Sagardo, gazta eta blonda txapelketak jokatuko dira Santio egunean

Uztarria.eus 2014ko uzt. 18a, 17:42
Sagardo txapelketako antolatzaileak eta babesleak, AƱota sagardotegian.

Sagardo txapelketan 23 upategik hartuko dute parte, eta bi sari banatuko dituzte: epaimahaiarena eta elkarteena. Horrez gain, Idiazabal eta artzain gaztaren txapelketa eta Euskal Herriko IXX. Blonda ganadu lehiaketa ikusi ahal izango dira.

Sagardo, gazta eta Euskal Herriko blonda ganadu txapelketa jokatuko dira Santio egunean. Urtero legez, Euskal Herriko sagardo txapelketarik zaharrena antolatu dute herrian, uztailaren 25erako. Berrogeita bigarren edizioa da aurtengoa, eta 23 upategik hartuko dute parte lehiaketan. Txapelketan, bi sari egongo dira: batetik, zortzi laguneko epaimahaiak emandakoa; eta, bestetik, herriko elkarteek adostutakoa. Loiolatxok, Landetak eta Goikari elkarteek antolatu dute lehiaketa, Azpeitiko Udalaren, Añota sagardotegiaren eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen babesarekin.

Bestalde, herritarrek ere aukera izango dute edaria dastatzeko. Izan ere, 3.000 botila eta 30.000 trago inguru aterako dituzte egun horretan. Hiru euroko prezioa izango dute edalontziek, urtero bezala, eta nahi adina edateko aukera izango dute basoa eskuratzen dutenek. Edariaz gain, jatekoa ere salduko dute antolatzaileek; atun eta txahal pintxoak eskainiko dituzte, euro eta erdian. Dirua, urtero bezala, gizarte laguntzako egitasmoetarako erabiliko dute.

Gazta eta blonda txapelketak 

Beste txapelketa batzuek ere hartuko dute plaza, ordea, Santio egunez. XXVI. Gazta txapelketa jokatuko dute, eta Idiazabal eta Artzai Gazta izendapenetako jakiak aurkeztuko dituzte.

Horrez gain, bi urtean behin Azpeitian egiten den Euskal Herriko Blonda ganadu txapelketa jokatuko dute. 85 buru aurkeztuko dira XVI. ediziora, eta honako udalerrietatik etorritako animaliek hartuko dute parte: Arretxabaleta, Orio, Markina eta Gernika. Horiez gain, Azpeitiko hiru baserritar ere izango dira txapelketan. Udalak eta Foru Aldundiak antolatu dute ekitaldia, beste urteetan bezala. Antolatzaileek esan dute "saninazioetako egunik onena" izan ohi dela Santio eguna; eta, aurtengoan ere, horrela izatea nahi luketela.