Hutsuneak, betetzeko

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2014ko uzt. 21a, 23:37
Soreasu eraikinaren barrualdea.

Soreasu eraikinean hutsik dauden eremuak betetzeko plan baten beharraz dihardute alderdiek eta eragileek. Helburuan, gutxi-gehiago, bat datoz denak; bide desberdinetatik ikusten dute, ordea, irtenbidea.

Hutsik dago Soreasu. Hutsik dago eraikina, egitura: hormigoiz eginiko paretek eusten diote. Baina hutsik dago haren mamia ere. Izan ere, ez dago musika edo antzerki eskaintza jarraiturik Soreasun, ezta hutsune horiek beteko dituzten kultur taldeak eraikinera eramateko proiektu zehatzik ere.

Orain artean, hirigintzaren esparruan landu da Soreasuren gaia. Bilduk azaldu duenez, 2006an "kulturgune baten beharra" ikusi zuten udala osatzen zuten taldeek, eta ezker abertzaleak baiezkoa eman zion, baliabideak eta beharrak aztertuta, eraikina egiteari. EAJko bozeramale Aitor Gorrotxategik gogorarazi du "Bilduren aurrekoek ere onartu" egin zutela egitasmoa. Hala ere, Bilduk jakinarazi du 5,3 milioiko aurrekontua onartu zutela 2006ko udalbatzar hartan; eta, gerora, ia bikoitza gastatu zuela udalak: 10 milioi euro. Imanol Amenabar Kultura zinegotzia ez zegoen udal gobernuan garai hartan, baina jakinarazi du "kultur taldeen beharren araberako gunea" egitea adostu zutela, eta "ez aurrekontuaren bikoitza behar zuen eraikin bat". Gainera, Bilduren aurreikuspenen arabera, "gutxi gorabehera beste bost milioi euro beharko dira Soreasu behar bezala prestatzeko". Bestalde, alderdi politikoaren arabera, azken urteetan Soreasun eurorik inbertitu ez izana kritikatzen die EAJk, baina, haien hitzetan, "zorra ordaintzeko" bideratzen da dirua, urtero. Horrez gain, Bilduk nabarmendu du "presaka" egindako lana dela Soreasu, eta kultur eragileekin "adostu gabe" egin zutela.

Soreasu eraiki egin zuten, eta hortxe dago, geldirik. Ukaezina da errealitate hori alderdi guztietantzat. Udalbatza osatzen duten hiru talde politikoak bat datoz baieztapen batean: "Eraikina hor dago, eta zukua atera behar diogu". Gorrotxategik "pobre" ikusten du Soreasu, gaur egun. Hark gogorarazi du proiektuaren alde lana egin zuela, eta "pena handia" ematen diola zinemak soilik funtzionatzea kulturgune horretan, eta "lana eta dirua" eskatzen duenaz jakitun, gauzak pixkanaka, baina, egiten joatea iradoki du. Harekin bat dator Aitor Aranguren Hamaikabateko zinegotzia ere: "Ikaragarri kostatu da eraikina egitea, baina zerbait egin behar dugu, etekina atera behar zaio eginda dagoen lanari".

Oskola eta mamia

Eraikinaz gainera, eztabaidagai da eraikinaren barruan zer egin, eta nola egin. Talde politikoek bi proposamen dituzte: alde batetik, EAJk eta Hamaikabatek uste dute beharrezkoa dela udaleko Kultura sailean gaiari buruzko eztabaida irekitzea. Bilduren hitzetan, ordea, horretarako dago Kultur Mahaia, eta udaleko ordezkariak bertan daudenez, horrek eztabaida herrira zabaltzea ahalbidetzen du.

EAJko bozeramaileak "kulturaren alorreko Mahaia" egitea planteatu du, proiektu bat lantzeko, eta kultur taldeak eraikinera lekualdatzeko. "Denok nahi dugu kultur mugimendua sustatzea, beraz, komeni da gaia Hirigintza sailetik ateratzea", esan du Gorrotxategik. Arangurenek ere uste du badela garaia kultur taldeak hara nola eraman pentsatzen hastekoa. Bilduk ere "oso argi" dauka gai horiek ez direla, soil-soilik, Hirigintza sailean lantzekoak. Hala ere, koalizioak ez du ulertzen zertarako sortu nahi duten eztabaida Kultura sailean: "Kultur Mahaian herriko kultur talde guztietako ordezkariak daude, baita udalekoak ere. Beraz, ez du zentzurik guk, paraleloki, beste eztabaidagune bat sortzeak", iritzi dio Amenabarrek. Bilduko kideen hitzetan, Kultur Mahaitik irten behar du planak, eta udaleko ordezkariek kultur taldeetakoekin eztabaidatu behar dute, "ez da zinegotziek hartu beharreko erabakia".

Bere aldetik, Kultur Mahaiko talde eragileak eskaera bat egin du: "Bere sorreratik kultura egiteko eredu bat du Kultur Mahaiak DNAn txertatuta; herritik eta herriarentzat elkarlanean sortzea, transmititzea eta zabaltzea. Ez gara sartuko gureak ez diren eztabaida politikoetan, eta inork gu eztabaida horien jomugan ez jartzea eskatzen diegu alderdiei". Era berean, alderdiei eskua luzatu die "Soreasu osatu eta egituratzeaz eta dena delakoaz eztabaidatzeko, kultur eragile guztiak eta herriaren nahiak osotasunean kontuan izanda. Eguneroko lanean eta elkarlanean sinesten dugu, eta gure atea beti dago zabalik, baita jo gabe sartu nahi duenarentzat ere".

Kultur Mahaiko talde eragileak jakinarazi duenez, euren lanaren inguruan "balorazio serio bat" egiteko asmoa dute udazkenerako. "Parte-hartze prozesu bat abian jarriko dugu, azken urteez eta aurrera begirakoaz herritarrekin aritzeko". Horretarako, herriko kultura "osotasunean" aztertuko dute; "besteak beste, eraikinen inguruko hausnarketa eta balorazioak egingo dira, tartean Soreasukoa".

Mugitzen hastear dira

Bien bitartean, hasi dira taldeak Soreasura eramateko mugimenduak. Baigerako eraikineko azken pisutik Soreasura tokialdatuko dira, batetik, Udal Musika Banda eta Julian Barrenetxea abesbatza. Izan ere, gaur egun erabiltzen dituzten gelak adinekoen zerbitzuetarako behar ditu udalak. Duela hilabete batzuk, taldeen beharrak bilduta, lokalen proiektuarekin hasi zen udala. Bandako zuzendari Unai Frantzesenak adierazi duenez, planoak ikusi dituzte jada, eta "ekipazio lanak hasita daude". Bestetik, azken urteotan Julian Barrenetxeako batzarkide izan den Aizpea Ibarbiak esan duenez, eurekin ez da inor bildu, eta lokala ere ez dute ikusi. "Badakigu banda eta geu lokal berean ariko garela", esan du, baina hori noiz izango den ez dago argi: "Irailerako esan ziguten lehenik, eta urte amaierarako diote orain". EAJk adierazi duenez, 100.000 euro kostako da bi talde horien lokal aldaketa egitea.

Elkar-ekin taldea da hara joango den beste taldeetako bat. Udalean proiektu bat aurkeztu eta Soreasun lokal bat eskatu zuen. "Elkar-ekinek bere lan soziala egin ahal izateko beharrezkoa du lokal bat", argudiatu dute. Elkar-ekineko kide Eneko Ibargurenek eman du xehetasun gehiago: "Azken bi urteetan egin dugun lanaren memoria bat aurkeztu genuen, eta oinarri horrekin eskatu dugu lokala, beste edozein elkartek eska dezakeen bezala, irabazi asmorik gabe herriari ekarpen bat egiteko asmoarekin".

Hilabeteetako prozesu, bilera eta joan-etorrien ostean, udalbatzak onartu egin du Soreasun toki bat ematea "Bilduren aldeko bozekin, eta EAJ eta Hamaikabaten aurkakoekin". Haiekin adostu duten hitzarmena "behin-behinekoa" da, eta udalak lokala beharko balu, handik mugitzea onartu lukete taldeko kideek. Bilduk nabarmendu du haiei leku hori uzteak ez diola udalari kosturik ekarriko. Izan ere, Elkar-ekin taldekoak prest daude "auzolanean" lekua "txukuntzeko eta prestatzeko&". Horrenbestez, udalak argindarra soilik utziko die. Elkar-ekinek gaineratu du ez dagoela lehiarako inongo beharrik, "denontzako lekua soberan baitago Soreasun".

EAJk, ordea, ez du ondo ikusten planik egin gabe taldea hara eramatea. "Lokala behar dute, eta hori ematea udalari dagokio; baina Soreasu al da leku egokia?", galdetu du EAJko bozeramaileak. "Badakigu behin-behinekoa dela hitzarmena, baina gero oso gogorra izango da haiei joan egin behar dutela esatea, gauzak ez dira horren errazak. Plan bat egin behar dugu, egutegi txukuna; bestela, beste taldeek kritikatu egingo dute erabakia, eta galdetuko dute beraiek zergatik ez duten txokorik Soreasun". Ildo bereko iritzia du Hamaikabateko Arangurenek: "Ez dut ondo ikusten planifikazioa alde batera utzi, eta batzuei lehentasuna ematea: zergatik ezin ditugu gauzak ondo egin?". Planik ez dago, ordea, inon idatzirik, ezta adosturik ere. Eta Soreasun handiak izaten jarraitzen dute hutsuneek.