Emon, Urtz, Reincidentes, Willis Drummond, Ezinean, Su Ta Gar… saninazioetan

Uztarria.eus 2014ko uzt. 22a, 12:11

Azpeitiko Udala atzo, astelehena, hasi zen saninazioetako egitaraua herriko etxe guztietara banatzen eta gaur bukatuko dute banaketa. Aste honetan hasiko dira festak, santioekin, eta datorrenean iritsiko dira saninazioak. Horrenbestez, uztailaren 24tik abuztuaren 2ra bitartean festa giroa gailenduko da Azpeitian. Aurtengo saninazioek egun bat gehiago izango dute, eta Mikel Ibarzabal Udaleko festetako batzordeburuak azaldu duenez, "asteburua tokatzen da eta hori aprobetxatu dugu festak luzatzeko".

Herritar guztiekin pentsatutako festak osatu nahi izan dituztela esan du, eta denentzat egin dutela lekua. "Herriko eragile eta norbanakoekin elkarlanean osatutako egitaraua egin da, eta Festa Mahaian parte hartu dutenei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu laguntzagatik. Horrela, egitarau zabala eta oparoa osatu da eta bereziki kontzertuak nabarmendu nahiko nituzke, maila handiko musikariak ekartzea lortu baitugu", azaldu du Ibarzabalek.

Hainbat talderen kontzertuak iragarri dituzte aurtengo festetarako. Hemen zerrenda: Emon (uztailak 26, plazan), Belar Txarrak (uztailak 30, txosnetan),Damba (uztailak 30, plazan), Salda Badago (uztailak 30, txosnetan), Imuntzo eta Beloki (uztailak 31, Olazko Andre Mariaren plazan), Bad Sound System(uztailak 31, txosnetan), Urtz (uztailak 31, plazan), Ai Ene (uztailak 31, txosnetan), Reincidentes (abuztuak 1, plazan), Willis Drummond (abuztuak 1, txosnetan), Kolpatu (abuztuak 1, txosnetan), Rural Zombies (abuztuak 1, txosnetan), Ezinean (abuztuak 2, txosnetan) eta Su Ta Gar (abuztuak 2, plazan).