Kutxabanken eredua eta pribatizazioa salatu du hainbat herritarrek

Uztarria.eus 2014ko uzt. 22a, 15:42

Gaur, asteartea, 12:00etan Kutxabankek Goiko Kalen duen bulegoaren aurrean elkarretaratzea egin dute dozenaka herritarrek, Sistema finantziero soziala herriarentzat lelopean. Kutxabanken eredua eta pribatizazio prozesua salatzeko deitu du kontzentrazioa Azpeitian Bizi eta Lan ekimenak. "Ez da herritarrok nahi dugun kutxa eredua" esan dute bertaratu diren herritarrek, eta "pribatizazioarekin kutxaren funtzio soziala alde batera geldituko denaren, eta Kutxabank herritarrongandik urrunduko denaren sentipena" dutela azaldu dute. 

Desadostasuna adierazteko, elkarretaratzean ziren herritarrei Kutxabanken zuten diruaren kopuru adierazgarri bat ateratzeko proposamena luzatu diete salaketa ekimenaren antolatzaileek, eta hainbat lagun bulegora sartu da, dirua ateratzera.