Amaia Azkueren hiltzaileak Zumarragako zentroan jarraituko du zigorra betetzen

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2014ko uzt. 23a, 12:02

Epaileak hala erabakita, Amaia Azkueren hiltzaileak Zumarragako Ibaiondo zentroan jarraituko du zigorra betetzen. Azpeitiar gazteak joan den asteko saioan aitortu zuen berak hil zuela oriotarra, eta familiari eta, oro har, gizarteari barkamena eskatu zion.

Epaileak hartu du erabakia: Amaia Azkueren hiltzaileak Zumarragako Ibaiondo zentroan jarraituko du zigorra betetzen. Azpeitiar gazteak abuztuan 21 urte beteko dituelako joan den astean auzi-saioa egin zuten Donostiako Adingabeen Auzitegian. Zigorra adingabeen zentroan ala helduen kartzela batean betetzen jarraitu behar duen erabakitzeko argudioak entzun zituen epaileak.

Javier Zaragoza fiskalak eskatu zuen hiltzaileak Zumarragan jarraitzea zigorra betetzen. Hura aztertu duen talde psikoteknikoaren txostenetan oinarritu dira eskaera argudiatzeko. Txostenaren arabera, bilakaera "oso positiboa" izan du gazteak adingabeen zentroan dagoenetik. Halaber, azpeitiarra ohiko kartzela batera lekualdatzeak orain arte egindako lana "zapuztuko" lukeela nabarmendu dute adituek, eta hori gertatuz gero litekeena dela gazteak "atzerapausoak" ematea. Era berean, fiskalak gogoratu zuen Adingabeen Legearen helburua adingabea babestu eta hura bergizarteratzea dela. Defentsak ere gauza bera eskatu zuen gaztearentzat, eta akusazioak eskaeraren kontra egin zuen.

Epaileak gaztea Zumarragako zentroan mantentzearen alde egin du, gaztea "bilakaera ona" izaten ari dela argudiatuta. Hala ere, urtero aztertuko dute bere egoera, atzerapausorik eman duen ala ez egiaztatzeko. Jarrera aldatzen badu, epaileak kartzela arrunt batera bidali ahalko du edozein momentutan.

2012ko maiatzean eman zuen epaia Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko epaileak: Zumarragako adingabeen zentroan hamar urteko itxialdira eta hezkuntza laguntzarekin bost urteko zaintzapeko askatasunera zigortu zuen Amaia Azkueren hiltzailea. 2011ko martxoaren 16an aurkitu zuten Azkueren gorpua Azpeitiko Ibai Eder urtegian. 

Zigortutako gazteak hainbat bertsio erabili ditu orain arte egin diren auzi saioetan. Ertzaintza ikerketarekin hasi zenean eta gaztea jomugan jarri zutenean, 2011ko abuztuan, Adingabeen Fiskaltzara jo eta Amaia Azkue berak hil zuela deklaratu zuen. 2012ko urtarrilean, ordea, berriro fiskalaren aurrean agertzeko eskatu eta ukatu egin zuen Azkue hil izana, eta bigarren bertsio horri eutsi zion epaiketan ere. Joan den asteko saioan aitortu zuen berak hil zuela oriotarra, eta familiari eta, oro har, gizarteari barkamena eskatu zion.