Marea Arroxa "politizatu" izana salatu du EAJk

Uztarria.eus 2014ko uzt. 23a, 13:01

EAJk plazaratu duen oharrean salatu duenez "Marea Arroxa modu sektarioan eta alderdikoian manipulatu eta erabili da". Jeltzaleek diotenez, "Marea Arroxak mezua dakar... euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera egitasmoak kaleko hormetan eta pankarten bidez kutsu politikoko mezua zabaldu du". 

Festak gerturatzen ari diren honetan, Azpeitiko EAJk salatu du Marea Arroxa aldarrikapen politikoak egiteko erabilia izan dela eta hori ez zaiela "joko garbia" iruditzen. Larunbaterako, uztailaren 26a, antolatu duten Marea Arroxak mezua dakar... euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera egitasmoak "kaleko hormetan eta pankarten bidez kutsu politikoko mezua zabaldu" duela salatu dute.

Ildo beretik, "Marea Arroxak azpeitiar guztiena izaten jarraitu behar" duela adierazi dute. Jeltzaleek esan dutenez, inork ez du Marea Arroxa aldarrikapen politikoak egiteko erabili behar: "herritar bakoitzak ditugu geure pentsaera eta ikuspuntuak, eta horrexegatik, ez da bidezkoa azpeitiar guztiontzat izateko helburua zuen mugimendua politizatzea. Are gutxiago, marea horretan adin txikiko askok eta askok festa ilusioz gozatzeko parte hartzen dutenean". EAJren ustez "denak ez du balio": "hainbeste aldarrikatzen diren denbora berriek, jarrera berriak eskatzen dituzte. Uste dugu festek izaera ludiko eta gozagarria izan behar dutela". Jeltzaleen aburuz, "ez da zilegi Marea Arroxa modu sektarioan eta alderdikoian manipulatu eta erabiltzea".