Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen legearen erreformaren berri eman du KIUBek

Uztarria.eus 2014ko uzt. 23a, 18:32

Informazio bulegoaren arabera, erreformak "nabarmen" aldatu du legea, beraz, zenbait argibide eman dituzte kontratuen izaerari eta irizpideei buruz.

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen legea aldatu du Espainiako estatuak, eta araudi berria martxan da ekainaren 13tik. Hori dela eta, KIUB Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak zenbait ohar argitaratu ditu, erabiltzaileei informazioa emateko. Honako hiru puntuetan banatu ditu erakundeak aldaketetako batzuk:

  • Kontratazio telefonikoa eginez gero, paperean jaso behar da hitzarmena: informazio bulegoaren arabera, arabera, "arazo asko" sortzen dira telefonoz eginiko kontratazioetan. Hemendik aurrera, enpresak kontsumitzaileari telefonoz hitzarmena eskaintzen badio, beharrezkoa izango da bezeroari eskaintza idatziz bidaltzea. Beraz, eskura, posta elektronikoz, faxez edo sms bidez helarazi beharko du kontratua enpresak, eta kontsumintzaileak papera sinatuta itzultzen duenean izango da ofiziala akordio hori.

  • Fakturak paperean jaso daitezke: kontsumitzaileek eska dezakete ordainagiri guztiak paperean jasotzea. Horrek, gainera, ez du kosturik izango. Fakturak posta elektronikoz jasotzeko, berriz, bezeroaren onespena beharko dute enpresek.
  • Saltokitik kanpo eginiko kontratuak deuseztatu egin daitezke, hamalau eguneko epearen barruan: erreformaren aurretik, zazpi egun zituen kontsumitzaileak kontratua hausteko; orain, berriz, hamalau egun izango ditu. Horrenbestez, hitzarmenean adostutako zerbitzuak jasotakoan edo jasotzen hastean zenbatzen hasita, bi aste izango ditu kontsumitzaileak hitzarmena eteteko. Enpresek aukera horren berri eman behar diote bezeroei; hala ez badute egiten, kontsumitzaileak hamabi hilabete gehiago izango ditu kontratua deuseztatzeko. 

Informazio bulegoak azaldu duenez, beste arau batzuk aldatu ditu erreformak. Beraz, edozer zalantza izanez gero, beraien egoitzara joan daiteke, Sindikatu Zaharreko bigarren pisura; telefonoz dei daiteke 943 15 72 01 zenbakira edo mezua bidal daiteke omic@azpeiti.com-era. Astelehen, asteazken eta ostiraletan, 10:00etatik 14:00etara egon ohi da irekita KIUB.