Udan ere ez da giro osasungintzan

Iker Salaberria, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua 2014ko uzt. 29a, 17:54

Aspaldikoa da osasungintzan euskarak bizi duen osasun kaxkarraren, euskaldunok bizi dugun bazterkeriaren, diagnostikoa. Garaiz diagnostikatu arren, arazoari ez zitzaion garaiz heldu. Kasurik onenean (Osakidetzan) euskararen legea onartzetik 22 urtera heldu zitzaion eritasunaren zaintza lanei. Ordura arte euskara-planik ez, eta hortik aurrera, zaintza aringarriak, eritasuna sendatzen saiatu ordez.

Orain, zaintza lan horiek gauzatzeko ondorengo sei urteetarako plangintza argitaratu eta sei hilabete eskas pasatu diren honetan, Osakidetzako arduradunen jarrera ikusten ari gara, praktikan. Praktika horren erakusle dira, hain zuzen ere, uda garaiko oporraldiei begira ohikoak izan ohi diren medikuen ordezkapenak. Praktika horiek, beste behin, ez dira batere osasungarriak euskararen normalizazioarentzat, ez eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermerako ere. Izan ere, jakin dugu Tolosan, Zumaian, Lezan, Muxikan, Azpeitian… mediku euskaldunen lekura, eskakizun elebiduna ezarria zuten lanpostuetara, mediku erdaldunak bidaltzen ari direla. Horiek jakin ditugun kasuak, seguru gaude gehiago ere izan badirela. Zorionez, herri horietako batzuetan euskaltzaleek nahikoa dela esan dute. Badela garaia euskaldunokin begirunez joka dezan Osakidetzak, badela garaia gure seme-alabek euskaraz egin ahal izatekoa medikuari, eta badela garaia euskaldunon osasunerako eskubidea, euskaldun gisa, errespetatua izan dadin gure herrietan. Mediku euskalduna nahi zuela adierazten zuen herritar batek zioen bezala, euskaldunok ere zergak ordaintzen ditugu osasun sistema publikoaz gozatu ahal izateko, euskaraz. Hemen, mediku elebakarrek batzuen hizkuntza-eskubideak bermatzeko gaitasunik ez duten bitartean, mediku elebidunak kontratatzeak guztion hizkuntza-eskubideak bermatzea ahalbidetzen baitu.

Herritarrek eskaera hori kaleratu dute, eta mediku euskalduna nahi dutela ozen adierazi. Eskaera horri entzungor ezin zaiola egin, eta aldaketak egitea ere posible dela erakutsi dute zenbait kasutan. Administrazioak, ordea, asmatua du erantzuna beste batzuetarako: mediku eta pediatra elebidunak falta zaizkiela, hain zuzen ere.

Izan ere, medikuntza sektorean arituta, gezurra dirudi arloko ez den norbaitek esan behar izatea prebentzio-lana beti dela egokiagoa, zaintza aringarriena baino. Ba, bai, hala da. Osakidetzako II. Plangintzaldiak ere zaintza aringarrietatik gehiago du prebentzio-lanetik baino. Eritasunaren sintomak (mediku elebidun falta) eurak aitortu arren, ez dute hori konpontzeko neurri egokirik mahai gaineratu. Plangintza onartu aurretik Osakidetzako arduradunekin eginiko bileran jakinarazi genien bezala, Osakidetza euskalduntzeko lanak unibertsitatetik bertatik hasi behar du. Unibertsitatetik, behar ditugun mediku euskaldunak aterako direla ziurtatuz. Ondotik, prebentzio-lanari eutsiz, kontratazio politikek epe onargarri batean, herritar guztion (euskaldun nahiz erdaldun) eskubideak bermatuko dituzten medikuak kontratatzea bermatu behar dute, eskubide urraketaren iturria itxiz. Neurri horiekin hasten da prebentzio lana, eta ondotik langile erdaldunak euskalduntzeko inbertsioak egitea baino eraginkorragoa da. Mediku-lanean aritu nahi dutenei euskaldun elebiduna izatea hobe letorkiekeela erakutsiko liekeen limurtze kanpainarik onena.

Udan ere ez da giro izango osasungintzan euskaldunontzat. Iazko negutik, Osakidetzako arduradunei lankidetzarako luzatu zitzaien eskuak airean jarraitzen du. Udazkenak aire berriak ekarriko ahal ditu euskaldunontzat! Bitartean, ez etsi euskaldunon duintasunaren aldeko jardunean; maitasuna eta osasuna.