Mehatxuak egi bihurtuz, bost langile kaleratuak!

Sarralle Equiposeko LABeko langileen ordezkariak 2014ko ira. 1a, 14:47

Urtebete luze igaro da Sarralle Equipos-eko zuzendaritzaren jarrera anker, inposatzaile eta zatitzailea salatzen hasi ginenetik. Gaurkoa ez da ezberdina zoritxarrez, eta enpresa horretako arduradunen azken azpijokoa salatzera gatoz.

Iazko uztailean langileon eskubideak erabat deuseztea helburu zuen lan erreforma indarrean sartu zenetik, egonkortasuna, lan giro atsegina eta lankidetza hitzen esanahiak errotik moztu zituzten.

Denbora guzti honetan, aurrez salatu izan ditugun hainbat jazarpen bizi izan dugu: legeak dioenari muzin egin eta egoera ekonomikoaren transparentzia eza; heuren hitza sinetsi besterik ez zen egoera batean, soldata beherakadak eta 200 orduko lanaldi igoera ilegala ere aplikatuarazi nahi izatea; eseri eta negoziaketa erreal bat eman nahi ez izatea; batzarrak biziatuz langileon zatiketa bilatzea; langileon artean lanpostua galtzearen beldurra zabaltzea eta langileok indibidualki zuzendaritzaren alde jartzeko presionatuz eta mehatxatuz; zuzendaritzak berea lortzeko bidean, lanik ez zegoela argudiatuz bertako langileak Lana Erregulatzeko Txostenean (LET) ginela, lanaren deslokalizazioa Palentziako lantegira; lanik ez zegoela eta langile batzuk LETa dela eta, etxean langabezian ginen bitartean, beste batzuei ordu extrak sarraraztea; eta azkenik soldaten %10eko jaitsiera eta 103 orduko lanaldiaren gorakada aldebakarrean aplikatu zuen zuzendaritzak "lanik ez dagoela" esaten dutenean? Esan beharrik ez dago, horiek gaian kokatzeko adibide soil batzuk besterik ez direla.

Salaketak ere ugariak izan dira Lan Inspekzioan, eta langileon aldeko erantzunak jaso ditugun arren, guzti honen aplikazioaren epaiketa egitekoa da bihar, irailak 2, Donostian.

Bada, ordea, azpimarratu nahi dugun zerbait. Denbora guzti horretan, langileen taldetxo batek zuzendaritzaren arrazoitu gabeko nahiei kontrakotasuna adierazi diegu. Gauzak ondo egin zitzala eskatzen genion, garbia izan zedila kontu ekonomikoekin, arrazoiak behar bezela argudiatuz zintzo jokatu zezala eta negoziatzera eseri zedila, ez besterik. Zuzendaritzak bere hitza zalantzan jartzen zuena 'X' batekin markatzeari ekin zion. Langileon ordezkariak eta arazoaren funtsa beste termino batzuetan ikusten dugun langileok, jazarpen eta presio ikaragarriz, egoera jasanezinean aurkitzen gara. Zuzendaritzak "nire alde, edo nire kontra zaude" teoria jarri zuen martxan eta horri jarraitzen dio.

Horren adibide da abuztu honetan pasa dena. Gezurrak erabiliz, inongo eskrupulurik gabe, eta azken urtean bota eta bota ari zen mehatxuak egi bihurtuz, bost langile kale gorrian utzi ditu nahiz eta lan eta langile berri ugari izan. Eta bai, zuzendaritzak zituen helburuen aurrean oztopo ikusten zituelako izan dira kaleratuak. Auzibidea hartzearen mendekua ere ba ote? Onartezina da!

Ez da kasualitatea guzti hau burutzea. Iazko uztailaren 7an lan erreformak gure herrialdeko hitzarmenak baliogabetu zituenetik, enpresa asko dira euren anbizioak eta interesak langileen baldintzen gainetik jarri dituztenak eta komeni zaienean legea erabiliz eta komeni ez zaienean legea alboratuaz, prekarietatea sortu eta langileak esklabuak bagina erabiltzen gaituztenak. Gure kasuan Adegik langileak estutzeko agindu irmoa emana du, noski, komeni zaion tokietan. Erreforma baliatuz bere urteetako nahiak betearazi nahi ditu eta gutxi batzuen irabaziak handitzen segi langilegoaren bizkar. Gainera, kasu honetan, Sarralle ez da edonolako enpresa, irabazi sendoak izan dituen enpresa izanda, ezin dugu beste aldera begira egon!

Guk gure bidean jarraituko dugu eta ez dugu etsiko bost langile horiek berrartuak izan arte! Harro gaude gure eskubideak defendatzeaz! Hori bai, gaur gurean gertatzen ari dena ez da foko gorri soil bat. Tamalez, Euskal Herri osora zabaltzen ari den estrategia zapaltzaile baten baitan kokatzen dugu. Krisiaren aitzakian langileok beldurtu eta gure beharrekin jolasten dute, eta hori ezin dugu inondik inora onartu.

Hemendik dei egin nahi diegu instituzio ezberdinei, horrelako jarrerak baztertu eta gure herriak behar duen benetako industria sarea indartzerako orduan kontutan izan ditzaten langileon eskubideak. Lan baldintza duinik gabe eta lan harreman egokirik eta adeitsurik gabe ez baitago langile emankorrik, ez eta industria sare konpetitiborik.

Erreformarik ez!

Kaleratzerik ez!

Mendekurik ez!

Gora Sarralleko langileria!

Gora Urola-Kostako langileria!