Akilino Amezua organo-jotzailearen bizitza eta lana aztertu ditu Esteban Elizondok

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2014ko ira. 2a, 16:57

Datorren ostiralean aurkeztuko dute liburua, Donostian. Esteban Elizondok bi atalez osatu du liburua, eta Azpeitian jaiotako Akilino Amezua organo-jotzailearen bizitzari eta lanari buruzko argitalpenetan oinarritutako azterketa bat ere egin du.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak bere sorreraren 250. urteurrena ospatzen jarraitzen du, eta hilaren 12an, hurrengo ostiralean, Esteban Elizondo elkarteko Adiskide Numerarioak osatutako La música para órgano en el Pais Vasco y Navarra desde 1880 hasta 1980 (Organorako musika Euskadin eta Nafarroan 1880tik 1980ra) liburua aurkeztuko dute, Donostian, Kutxaren Camino liburutegian.

Bi atalez osatutako liburua da. Batetik, Elizondok katalogo bat osatu du, eta bertan jaso ditu Hego Euskal Herriko mende oso bateko organo-jotzaileak. 1880tik 1980ra organorako sortutako 52 autoreren 800 lanetik gora bildu ditu. Lan bakoitzaren txostena egiteaz gain, egileen historia ere jaso du. Horrez gain, Azpeitian jaiotako Akilino Amezua organo-jotzailearen bizitzari eta lanari buruzko argitalpenetan oinarritutako azterketa bat ere egin du.

Horretarako, Kolonbiako Andres Camino Moreno historialariak Bogotako katedraleko organoaren inguruan egindako ikerketa ere kaleratu du. Elkarteak gogoratu du Espainiako organo erromantikoaren sortzailea izan zela Amezua, eta hain zuzen, organo erromantikoa da liburuaren bi atalak uztartzen dituena.

Luis Ibañezen 30 argazki baino gehiagorekin osatu dute liburua, Euskal Herriko organo erromantiko garrantzitsuenak azaltzeko. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen 250. urtemugaren ospakizunen barruan argitaratuko dute liburua. Elkartearen eta idazlearen beraren diru laguntzei esker argitaratuko dute, eta ehun ale argitaratzeko asmoa dute. Adierazi duenez, ez dute saltokietan salduko, elkartearen bidez baizik. Estebanelizondo@hotmail.com helbidera idatzita edo 943 21 21 72 zenbakira deituta eros daiteke liburua, 25 eurotan.