Hitza Hats eguna ospatu dute azpeitiarrek eta hazpandarrek

Uztarria.eus 2014ko ira. 2a, 18:23

Hitza Hats euskararen aldeko eguna ospatu zuten zapatuan, abuztuaren 30ean, Hazparneko eta Azpeitiko herritarrek, Lapurdiko udalerrian. Hara joan zen Azpeitiko Udala; izan ere, duela 31 urte hasi ziren bi udalak harremanetan, senidetza adosteko.

Azpeitiko ordezkariei harrera atsegina egin zieten hazpandarrek, aurreskuarekin agurtu baitzituzten. Beñat Inatxuspe Hazparneko alkateak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi zuten beraien helburua bi udalerrietako herritarrak "etxean bezala" sentitzea zela, Hazparnen zein Azpeitian.

Egunean zehar, hamaika ekitaldi

Jaia izan zen nagusi zapatuan Lapurdiko udalerrian. Festan, lekua izan zuen kirolak: Azpeitiko eta Hazparneko pilotariek partida jokatu zuten, Iparraldeko erara; azpeitiarrek galdu ostean, gurean beste norgehiagoka bat jokatzekotan gelditu ziren. Ondoren, bertso saioak eta kontzertuek eman zioten segida festari; besteak beste, Hazparnen izan ziren Amets Arzallus eta Xebaxtian Lizaso bertsolariak, baita Marvin, Gatibu, Deabru Beltzak eta Willis Drummond musika-taldeak ere.

Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 80ko hamarkadaz geroztik. Harremanetan hasi zirenean, Imanol Elias zen Azpeitiko alkatea; hitzarmena sinatu zutenean, berriz, Jose Mari Bastida. Bastidak eta Jean Pinatelek ofizialtu zuten, hitzarmenarekin, bi udalerrien arteko senidetza.

Alex Silvarenak dira bildumako argazkiak.