Azpeitiko igerilekuan energia aurrezteko proiektu bat lagunduko du diruz Aldundiak

Urola Kostako Hitza 2014ko ira. 3a, 12:14

Barrenetxea auzoan ur beroa ematen duten iturburuak daude, eta horiek aprobetxatuko dituzte igerilekuko ura berotzeko. Aldundiak jakinarazi duenez, igerilekuetako ura berotzeko urtean beharko den energia guztiaren %80 iturburu horietatik hartzea aurreikusten du proiektuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 57 proiektu diruz lagunduko ditu energiaren aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa sustatzeko. Guztira milioi bat euro inbertituko ditu, 45 udalen, garapen agentzia baten eta kiroletako bi udal patronaturen artean, eta horietako bat Azpeitikoa izango da. Hain zuzen, kiroldegia berritzeko lanetara bideratuko du diruaren zati bat.

Diru laguntzak eraikin eta azpiegitura publikoetan energia hobetzeko jardueretara bideratu nahi dituzte; besteak beste, herri argiteria modernizatzera edo eguzkiaren truke geotermikoaren, biomasaren edo haizearen energia baliatzeko sistemak jartzera eta ibilgailu eraginkorrak erostera eta sentsibilizazio kanpainak egitera. Horien artean, Azpeitiko igerilekuko lanak nabarmendu ditu aldundiak, bere "izaera berritzailearengatik".

%80 aurreztea

Azpeitiko kasuan, Barrenetxea auzoan ur beroa ematen duten iturburuak daude, eta horiek aprobetxatuko dituzte igerilekuko ura berotzeko. Auzoko iturburuak igerilekura bideratuko dituzte, ura berotzeko energia gutxiago erabili dezaten. Iturri termaleko energia erabiltzeko sistema bat jarriko dute, eta bero ponpa baten bidez berotuko dituzte igerilekuak. Aldundiak jakinarazi duenez, igerilekuetako ura berotzeko urtean beharko den energia guztiaren %80 iturburu horietatik hartzea aurreikusten du proiektuak. Beraz, 41.000 euro aurreztea eragingo luke horrek. Aldundiaren arabera, sei urtetan amortizatuko litzateke lan guztiek eragingo duten inbertsioa.

Bestetik, aurrera doaz udal igerilekuko instalazioak handitzeko lanak uztailaz geroztik; eraikina 500 metro koadrotan handituko dute kanpoko horma 10 metro aurreratuta, eraikina bere parean dagoen zelairaino luzatuko dute, eta igogailu bat izango du. Lanak zazpi hilabetetan amaitzea aurreikusten dute.