Ohiko ordutegia berreskuratu du Burdinbidearen Euskal Museoak

Uztarria.eus 2014ko ira. 3a, 12:18

Diesel trenen joan-etorriak kendu dituzte tren museoan, baina lurrun trenek Azpeitia eta Lasao artean egiten dituzten itzuliek abian jarraituko dute.

Burdinbidearen Euskal Museoak udako kanpaina amaitu berri du, eta atzotik neguko ordutegia du. Aurrerantzean, asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era izango da zabalik, eta 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era zapatuetan. Igande eta jaiegunetan, berriz, 10:30etik 14:00etara irekiko dute museoa.

Ohiko ordutegia berreskuratzeaz gain, hainbat aldaketa egin dituzte museoaren eskaintzetan. Hala nola, diesel trenen bidaiak kendu dituzte, baina asteburuetan lurrunezko trenek Azpeititik Lasaora egiten dituzten joan-etorriekin jarraituko dute. Itzuli horiek zapatuetan 12:30ean eta 18:00etan eta igande nahiz jaiegunetan 12:30ean izango dira.

Horrez gain, tren bilduma zabala dago ikusgai museoan, eta makina-erremintaren, erlojuen eta treneko uniformeen inguruko erakusketak ere bisitatu daitezke bertan.