Atzeratu egin da Sarralle Equiposeko langileen lan-baldintzen inguruko epaiketa

Uztarria.eus 2014ko ira. 3a, 19:29

LABek azaldu duenez, enpresak dokumentu bat aurkeztu behar zuen abuztuaren 7rako, baina atzo arte ez zuen epaitegira eraman. Beraz, atzo, asteartea, egitekoa zen epaiketa atzeratu egin zuten, eta oraindik ez dakite noiz egingo duten.

Sarralle Equiposeko lan-baldintzen inguruko epaiketa atzeratu egin zuten atzo, asteartean, LABen arabera, enpresak ez duelako epearen barruan aurkeztu epaiketarako beharrezkoa den txosten bat. Txosten horretan arrazoitu behar dute zergatik hartu zituzten langileen lan-baldintzen inguruko erabakiak. Beste modu batera esanda, dokumentuan azaldu behar dute zergatik erabaki zuten zenbait langileri soldata %10 murriztea, eta beste batzuei 103 ordu gehiagoko lanaldiak ezartzea.

Datei dagokienez, sindikatuaren hitzetan, abuztuaren 7rako aurkeztu behar zuen Sarralle Equiposek txostena, baina atzo, asteartea, aurkeztu zuen. Gainera, langileen ordezkariek salatu dute urtebete daramatela txosten hori eskatzen, eta beti "ukatu" egin izan dietela.

LABek argi du egoera "desegonkor eta jasanezina" ezin dela luzatu. Haien ustez, "ondo pentsatutako estrategia" da Sarralle Equipos enpresa jarraitzen ari dena. Izan ere, enpresako ordezkariek "aspalditik" omen zekiten epaiketaren ezaugarriak zein ziren, eta zer betebehar zituzten; hala ere, "oztopoak jartzen" jarraitu dutela esan du LABek.

Sindikatuak nabarmendu du epaiketa atzeratzeaz gain, ez dietela esan noiz egingo den. Beraien aburuz, atzerapena dela-eta, mehatxuak areagotu egin daitezke, eta egoera aldatzea eskatu dute.