Maier Lizaso: "Saskibaloiak indarra du, urteetan lan asko egin delako"

Uztarria.eus 2014ko ira. 9a, 12:13

Maier Lizaso (Azpeitia, 1973) Iraurgi Saskibaloi Taldeko lehendakaria da, 2006tik lehendakari izan den Iñaki Uria azkoitiarraren lekukoa hartuta. Gogoz hartu du lehendakari kargua Lizasok, eta hastear den denboraldi berriarekin dabil buru-belarri uztailaz geroztik.

Erraz konbentzitu al zaituzte?

Hasieran esan zidaten zuzendaritza aldaketa zetorrela eta kide berriak aurkitzen lagunduko al nien. Buruari bueltaka hasi nintzen, eta ordu laurdenerako esan zidaten nirekin pentsatu zutela lehendakari posturako, Iraurgi Saskibaloian ibilitakoa eta entrenatzailea nintzelako. Etxean hitz egitekotan gelditu nintzen, baina etxera joan eta kontuari bueltarik ez ematea erabaki nuen. Ni jokalari nintzenenean ere norbaitek egin zuen lana taldeak aurrera egin zezan, eta orain ere bada lanik. Ezetz esatea da errazena. Denbora badaukat, eta ahal dudanean laguntzea erabaki nuen. Konbentzitu beharrik ez zuten izan, beraz.  Asko gustatzen zait saskibaloia, seme-alabak ere hor dabiltza, eta denok ezetz esaten badugu...

Nolatan lehendakari?

Hamaika-hamabi urterekin hasi nintzen Iraurgin jokatzen. Gero, Iruñean hasi nintzen ikasten, eta bigarren mailan utzi egin nuen, ikasketak eta saskibaloia ez zirelako bateragarriak. Gero, umeak etorri ziren, eta haiek saskibaloian hasi zirenean, duela lau urte inguru, teknifikazioan entrenatzaile hasi nintzen. Orain, hau eskaini didate, eta begira.

Lehen emakumea zara Iraurgiko lehendakari postuan.

Poza ematen dit klubak emakume bat hautatu izanak. Dena den, lehendakari izateak ez du esan nahi nik erabaki behar dudanik guztia. Lana horizontalean eta taldean egingo dugu. Lehendakariarena irudi soila da, eta legeak hala agintzen duelako aukeratzen da. Lan asko dago egiteko, eta taldean egingo dugu. Koordinazio lana izango da gurea, baina lan-taldeak osatuko ditugu. Ezinbestekoa da talde lana. Entrenatzaileak ere hor daude, eta garrantzia izugarria dute. Lan asko egiten dute, eta ez dago azaltzerik egiten duten guztia. Entrenatzaileak eta harrobia zaindu egin behar dira.

Martxan hasita zaudete.

Denboraldia maiatzean bukatu eta oporrak datozela badirudi ere, uztailean hasi behar izaten da datorren denboraldia prestatzen. Talde guztietako entrenatzaileak lotu, taldeentzako diru-laguntzak lortu eta ateak jo behar dira. Uztaila-eta izan direnarekin, datozen hilabeteak lasaiagoak espero dut. Hala ere, oso gustura aritu naiz, asko ikasten da eta. Martxan gaude, eta gogoarekin, gainera.

Talde eta jokalari asko dituzue. Koordinatu beharko, ezta?

Bai, talde eta jokalari asko dago eta lan handia bada ere, poz ematen du horrelako kluba izateak. Saskibaloiak indarra badu Azpeitian. Lehen taldea Zilarrezko LEB mailan daukagu, eta horrek ere indarra ematen dio taldeari. Hala ere, Iraurgik ez dio garrantzi handiena talde horri ematen. Goiko taldeak kluba janzten du eta jendeari ilusioa pizten dio. Ikusi besterik ez dago. Pasa den denboraldian bi astetik behin kiroldegia bete egiten zen. Dena den, garrantzitsua dena da harrobia gustura edukitzea, gaztetxoek disfrutatzea, diziplina eta lagunartea sustatzea… Goiko taldeak asko laguntzen du guzti horretan. Umeek erreferentzia moduan talde hori hartzen dute, baina harrobia eta entrenatzaileak zaindu behar dira.

Oro har, emakumeen saskibaloiari dagokionez, nahikoa lan egin dela uste al duzu?

Zerbait egin da, baina... Iraurgik, adibidez, egin du lana, eta garrantzia handia ematen dio emakumeari. Baina, orokorrean, eta saskibaloian, badago zer egina oraindik. Lehengo aldean asko egiten da.

Zein erronka dituzue aurtengorako?

Harrobia zaintzea, kirola egitea sustatzea disfrutatzea. Entrenatzaileek gustura jarrai dezaten nahi dugu eta goiko taldeak mailari eustea. Baina ez dugu helburu zehatzik talde bakoitzarekin. Emaitzak garrantzitsuak dira, baina ez zaio berebiziko garrantzia eman behar. Iaz ere oso emaitza onak lortu genituen. Maila handia dago Iraurgin, eta jendea lanerako gogoarekin dago. Klubak ondo segi dezala. Horixe da nahi dudana. Bestalde, Zestoara zabaldu nahi dugu teknifikazio eskola.

LEB mailan jokatzeko diru faltan zen Iraurgi iaz. Aurten zein da klubaren egoera ekonomikoa?

Aurten ere hor gabiltza baten batek bultzada emateko ate joka. Babeslea nahi da lortu, izena emanda gaude-eta Zilarrezko LEB ligan. Kontua da, urte batean LEB ligan izenik ematen ez baduzu, eta nahiz eta datorren urtean dirua eduki, berriz ere nazional mailatik hasi behar izaten dela, eta oso zaila dela berriz ere gorenera iristea. Aurten izena eman dugu, eta ia lortzen dugun beharrezkoa den diru kopurua. Egun dagoen egoerarekin… Zalantzak izan ditugu taldea atera ala ez erabakitzerakoan, baina zuzendaritzak taldea ateratzea erdietsi zuen, kluba asko janzten duelako.

Nola ikusten duzu saskibaloia Azpeitian?

Afizio handia dago saskibaloirako. 400 bat ume badabiltza Iraurgin, eta Azpeitian indar handia duela uste dut. Azpeitian kirol askok dute indarra. Futbola, igeriketa, atletismoa, karate... denetik egin daiteke Azpeitian. Saskibaloiak indarra du, lan asko egin delako urteetan. Eta, ia horrelaxe jarraitzen dugun lanean. Asko egin behar da, eta egindakoaren ondorioa da egun saskibaloiak bizi duen egoera.