Kontsumoaz hausnartzeko lanak Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2014ko ira. 9a, 12:01

Azoka Herritik egitasmoarekin bat eginda, dokumental eta solasaldi zikloa hasiko du TA3. zineklubak.

Azpeitian Azoka Herritik ospatuko dute hurrengo asteburuan, eta egitasmoaren helburuarekin bat eginda hasiko du denboraldia Azpeitiko Ta3. zine klubak, dokumental emanaldiekin, solasaldiekin eta mahai-inguruekin. Taldeak bere ekarpena egingo du egitasmoaren barruan, eta tokian tokiko kontsumoaren eta jasangarritasunaren inguruan hausnartzeko asmoz, kontsumo ereduen inguruko ikus-entzunezkoak eskainiko dituzte datozen asteetan, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean.

Bihar izango da lehenengo emanaldia, Euskal Herria: Ezkutuko zorradokumentalarekin. Globalizazio ekonomikoaren ondorioak landu ditu Ekologistak Martxan taldeak; izan ere, egun, iparraldeko herrialdeetan kontsumitzen diren produktu gehienek hegoaldeko herrialde pobreetan dute jatorria, "bertan kutsatzea edo langileak baldintza prekarioetan kontratatzea errazagoa eta merkeagoa delako". Horren kalte ekologiko eta sozialak aztertzeaz gain, herrialde haiekin duten zorra erakusten du lanak.

Hurrengo asteazkenean, berriz, Bidezko merkataritzari buruzko hiru begiradadokumentala ikusi ahal izango da. Bidezko merkataritzaren ereduan lan egiten dutenen hiru istorio biltzen ditu dokumentalak, egungo merkatuaren hautabide bezala.

Azken dokumentala, berriz, Biziberri izango da, Ekogunearen barruko Ekoliderrak Sareak egina. Landa-garapenaren, kontsumo jasangarriaren, hezkuntzaren eta energiaren inguruan modu aktiboan eta boluntarioki lan egiten ari diren hemezortzi gazteren testigantzak jasotzen ditu lanak.

Iraileko datozen hiru asteazkenetan izango dira dokumental emanaldiak, eta haren ondoren izango dira solasaldiak eta mahai-inguruak. Gaiarekin lotutako taldeetako ordezkariek eskainiko dituzte saioak, eta oraindik guztiak lotu gabe badaude ere, biharkoa dagoeneko zehaztuta dute; Ekologistak Martxan taldeko kide Rosa Lagok emango ditu azalpenak.

Albistea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.