Erika Olaizola: "Zinemaldian parte hartzea izan da ordainsaririk onena"

Urola Kostako Hitza 2014ko ira. 10a, 14:15
Erika Olaizola aktorea. (Miriam Tamayo)

Umea zenetik dabil Erika Olaizola (Azpeitia, 1989) antzerki arloan. Orain, zinema munduan estreinatuko da Los tontos y los estupidos filmean antzezten duen pertsonaiarekin. Gainera, film hau aurtengo Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dute, eta Zuzendari Berrien Sailean lehiatuko da. Irailaren 20an izango da filmaren lehenengo emanaldia, 19:00etan. Ondoren, filma Lisboako (Portugal) eta Tolosako (Frantzia) zinema jaialdietara eramango dute. Eta urriaren 3an zinema batzuetan estreinatuko da.

Filmean familia bateko alabaren papera antzeztu du Olaizolak: "Papera txikia izan da, bigarren mailakoa, baina pertsonaia hau lantzeko aukera izatea opari bat izan da niretzako", azpimarratu du antezleak. Olaizolak aitortu duenez, hasieratik "maitemindu" zen film honekin. Beraz, ez zuen bi aldiz pentsatu eta baiezkoa eman zion pelikulan parte hartzeko proposamenari.

Filma aurtengo Donostiako Zinemaldian aurkeztuko duzue. Zer esanahi du horrek zuretzat?

Donostiako Zinemaldian parte hartzea da lortu daitekeen ordainsaririk handiena. Zuzendari Berriak izeneko sailean hartuko du parte, gainera.

Nazioarteko ikusle eta kazetariek zuen lana ikusteko aukera izango dute. Zer irizten diozu horri?

Pixka bat urduri nago. Filmaketan oso ondo pasatu dut, eta bizipena oso aberatsa izan da niretzat. Baina hortik kanpo zure lana ikusgai dagoenean, iritzi guztiak jasotzeko prest egon behar dela uste dut.

Nolako bizipena izan da film honetan lan egitea?

Sekulako esperientzia izan da. Zinema arloa oso ezberdina da, baina asko gustatu zait. Gainera, hasieratik proiektu honekin sentipen onak izan nituen. Izugarria izan da Madrilera joatea zinema egitera eta ezagutu ditudan pertsona guztiekin lan egitea.

Elkarrizketa osoa, Urola Kostako Hitza-ren webgunean.